Lesakarrak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2026ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2027ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Gaizka Sarasola Iartzabal idazleak (Lesaka, 1974) irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka “Mug(h)erri” eleberri proiektuarekin. Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Joxan Oiz (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta azaldu dutenez, “Baztan izan daitekeen landa eremuan kokatzen du istorioa egileak; horrela, lokalizazioak istorioari hurbiltasuna emateaz gainera, landa giroaren bizitzaren eta bilakaeraren erradiografia bat egiten du, betiere klixeetatik ihes egin nahian”.
Epaimahaiak, bestalde, “fantasiari eta errealismo magikoari ere keinu” egiten diola nabarmendu du, “genero beltzean ez da hain ohikoa, eta arteaz ere gogoeta egiten du”. Alde horretatik, (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat eginik ere, ezohiko elementuak txertatzen direla goraipatu du epaimahaiak, eta “hizkera landua erabiltzeak indartu egiten du proiektua”.
Epaimahaikideek irabazlea zoriondu nahi izan dute eta baita “epaimahaiaren lana zaildu duten gainerako proiektuak” ere.
Sarasolak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2026ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2027ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Sarasola txistulari eta musika irakaslea da. Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetako bat da eta talde horren zenbait lanetarako musika eta testuak sortu ditu. Denera, bi liburu argitaratu izan ditu bere zenbait antzezlanen bildumekin: Erleak, satorrak, beleak (EDO!, 2016) eta Zerrakuretan (Susa, 2021).
Musikari dagokionez, Ixuriak (2004) eta Ez naiz deusen jabe (2007) diskoak kaleratu zituen Xabier Erkiziarekin batera, eta LedSilhouette dantza konpainiaren Concavo-Convexo (2019) lanarentzat ere musika sortu zuen.
Euskarazko nobela beltza sustatzea
Bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten, IX. edizioan, narratiba idazteko beka egokitu da.
Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka.