(argazkia: Galtzaundi Euskara Taldea)

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa abiatu du

Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoa duen lehiaketa da. Aurten, berrikuntza moduan saritutako lanetako batek, bere komikia Denonartean argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango du. Lanak azaroaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan edo postaz Nafarroa etorbidea 6, behea, 20.400 Tolosa (Gipuzkoa) helbidera.

Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du udazken honetarako. Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea du helburu lehiaketak, “euskara hutsean Euskal Herrian antolatzen den bakarrak, eta adierazpide artistiko honetan bidea egin nahi duenari aukera bat eskaintzeko aproposa” da antolatzaileen ustez. “Euskal Herri osotik jasotzen dira lanak urtero, eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat. Aurreko edizioan 285 lan jaso ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik”, zehaztu dute.

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta komikiek landu beharreko gaia librea izango da. Ikastetxeei deialdia egin nahi diete antolatzaileek, lantzen ari diren proiektuak baliatu ditzaten komikia ere landu eta uztartzeko. Galtzaundiko teknikari Idoia Lahidalgak nabarmendu duenez, “baliabide bat gehiago eskaintzen diegu ikastetxeei beraien helburu horiek betetzeko”. Aurten gainera, herria girotzeko Ibarrako erakusleihoak komikiz apainduko dira.

Sarietan berrikuntza bat ere izango du lehiaketak. Denonartean argitaletxeak saritutako lan bat aukeratu eta argitaratuko du. Beraz, “parte hartzen dutenek bere komikia argitaratua ikusteko aukera paregabea izango dute aurten”.

Kategoriei dagokienez, lau sailetan banatu dira sariak: 9 urtera artekoena (2014an jaiotakoak barne); 10-12 urte bitartekoena (2013an eta 2011n jaiotakoak barne); 13-16 urte bitartekoena (2010en eta 2007an jaiotakoak barne); eta 17 urtetik gorakoena (2006an jaiotakoak barne).

Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia.

Lanak azaroaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan edo postaz Nafarroa etorbidea 6, behea, 20.400 Tolosa (Gipuzkoa) helbidera.

Zabaldu: