(argazkia: BFA)

‘Gamazada. Gure poltsikoaren jabe’ erakusketa paratu dute Gernikako Euskal Herria Museoan

Hiru gai-multzok osatzen dute erakusketaren ibilbidea: Sustraiak, 1893-1894ko gatazka, eta ondorioak. Horien bidez, bisitariek ikusi ahal izango dute zer aurrekari historikok eragin zuten Gamazada, nola garatu zen gatazka, eta zer ondorio ekarri zituen.

Gernikako Euskal Herria Museoak Xabier Irujo Ametzaga historialariak antolatutako “Gamazada. Gure poltsikoaren jabe” erakusketaren ateak ireki ditu, irailaren 21era arte. Honetan, bisitariak Nafarroako foruak eta autogobernua defendatzeko gertaera historiko horren gaineko ikuspegi sakona ezagutu ahal izango du.

Kultura diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu duenez, “erakusketa honek balio handia du XIX. mendearen amaiera markatu zuten historia eta gizarte-gatazkak ulertzeko”.

Hiru gai-multzok osatzen dute erakusketaren ibilbidea: Sustraiak, 1893-1894ko gatazka, eta ondorioak. Horien bidez, bisitariek ikusi ahal izango dute zer aurrekari historikok eragin zuten Gamazada, nola garatu zen gatazka, eta zer ondorio ekarri zituen.

Antolatzaileen esanetan, “erakusketaren diseinu zainduari eta orotariko baliabideei esker, bisitariek erraz ulertuko dituzte gertaerak eta testuinguru historikoa”. Erakusketan, kontakizuna aberasten duten balio historiko handiko zenbait objektu nabarmentzen dira, hala nola Daniel Irujoren janzkia, familiak lagatakoa; Estanislao Aranzadiren abokatu-toga, hori ere familiak lagata; eta Nafarroako txanponen bilduma bat, Xabier Irujorena.

Jarduerak

Datozen hilabeteetan, Gernikako museoak erakusketa honen inguruko zenbait jarduera antolatuko ditu: maiatzaren 31n, esaterako, bisita gidatua egingo dute 18:00etan; ekainaren 3an, Xabier Irujoren Gamazada hitzaldi-errezitala, eta Josu Okiñenaren (pianoa) eta Garikoitz Mendizabalen (txistua) kontzertua izango da; eta ekainaren 12an, SanRokada hitzaldia antolatu dute, Gernikazarra historia-taldearen eskutik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna