Garazi Albizua, Koldo Biguri, Markos Zapiain eta Itxaso del Castillo dira Euskadi Literatura Sarietako gainontzeko sarituak

Datorren azaroaren 26an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Donostiako San Telmo Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira.

Joan den astean eman zituzten ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak. Gaur, berriz, gainerakoak ezagutzera eman dituzte: Garazi Albizua, Koldo Biguri, Markos Zapiain eta Itxaso del Castillo.

Garazi Albizuak Gaztelaniazko Literatura saria irabazi du Termita lanagatik, Koldo Biguriri Euskarazko Literatura Itzulpena saria eman diote Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak lanagatik, Markos Zapiainek Euskarazko Literatura Itzulpena saria jaso du Txillardegi hizkuntzalari lanagatik eta Itxaso del Castillok gaztelaniazkoa Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror lanagatik.

Termita  lanaren inguruan epaimahaiak azpimarratu duenez, “Albizua ahots berri, lotsagabe eta deserosoa da, eta bere prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta zaintzaren betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik. Haren metafora gogorrek leialtasunari, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko pertzepzio finak gorpuzten dituzte. Termita, beraz, diskurtso sozial hegemonikoei kontrajarritako kontakizunak planteatzen dituen apustu berritzailea da”.

Bestalde, Itzulpeneko Euskadi Sariaren epaimahaiaren arabera, “Bigurik bikain itzuli du euskarara Elsa Morante italiarraren Arturoren uhartea eleberri mardula”. Itzultzaileak “oreka egokia lortu du jatorrizko lanari zor zaion fideltasunaren eta xede-testuak helburu duen irakurgarritasunaren artean. Ezin hobeki eman ditu euskaraz Moranteren lirikotasun eta sakontasun psikologikoaren ñabardurak, eta ongi asmatu du XX. mendearen lehen erdian uharte italiar batean gertatzen diren gorabeherak deskribatu eta kontatzeko hizkera apropos bat aurkitzen”. Epaimahaikideek egileak erabili duen “euskararen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu dizkion ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketa gozagarri egiten duen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta elkarrizketetan lortu duen erritmo bizia” azpimarratu ditu. “Euskaraz irakurketa-ordu luze eta atseginez gozatzeko liburu paregabea da”.

Txillardegi hizkuntzalari lanari dagokionez, “epaimahaiak nabarmendu du, “Markos Zapiainen lana ez da Txillardegiren inguruan kaleratu diren obren artean bat gehiago, haien neurria eman dezakeen testua baizik”. Izan ere, lana eratzen duten atal nagusiek Txillardegiren pentsamenduaren oinarriak azaltzen dituzte. Hau da, “hizkuntzatasunaz eta euskal hizkuntzaz, eta horien gainean ardazten diren psikologiaz, antropologiaz, soziolinguistikaz edota politikaz, Txillardegiren iturri intelektualak zeintzuk diren argitzen digu Zapiainek”. Saiakeragileak “jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, eta Txillardegiren idatz-esana ulertzeko gakoak eskaintzen dizkigu, atalez atal. Atal bio-bibliografikoak Txillardegiren ideia eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakera aberasten du, eta liburu osoan barrena doan eta hura josten duen hari eroaleari begia jartzen dio. Euskal pentsamenduan aditua izan ala ez, Txillardegik jorratutako hainbat eta hainbat arloetan jakituna izan ala ez, liburua pentsalari eta ekintzailearen obran murgiltzeko gida aproposa izan dakioke irakurleari”.

Azkenik, Itxaso del Castilloren Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror lanak “gai original bat” jorratzen duela azaldu du epaimahaiak: “beldurrezko zinema garaikidean munstro femeninoen analisia, munstroek, egilearen beraren hitzetan, feminitatearen eta gorputzarekin eta boterearekin duten harremanaren definizio kontraesankorrak kristalizatzen dituztela azpimarratuz. Beldurrezko filmak ez dira gizarte-eraldaketatik kanpo geratzen; aitzitik, haietan aktiboki parte hartzen dute, beren garaiko tirabira eta erronkekin solasean aritzen diren kultura-produktuak baitira. Liburu hau sormen artistikoaren, kritika kulturalaren eta aldaketa sozialaren elkargune horren isla da”.

Emaitza “lan ausart eta erakargarria da, zinema-estudioetako espezialistei ez ezik gizarte-errealitate berriak eta eguneroko bizipenak irudikatzeko modu berriak ulertzeko interesa duen publiko zabalago bati ere zuzenduta dagoena. Azterlanaren zorroztasun akademikoa idazkera atsegin, arin eta zehatzarekin uztartzen da, eta horrek irakurketa-esperientzia irisgarri bihurtzen du, analisi kritikoa eta dibulgazio gogoetatsua bateratzeko gai dena”.

Sariak

Euskadi Literatura Sariak 2025 datorren azaroaren 26an banatuko dira Donostiako San Telmo Museoan.

Idazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna