Estudioko lan berri honetan, Garik dagokigun bizitza bizitzearen garrantzia aldarrikatu du, dagozkion hausnarketa eta autokritikekin, kide garen komunitatearen parte aktibo izatearekin eta maitasuna ematearekin, besteak beste.
Bere edukiak eta sonoritateak lehen akordeetatik harrituko dute publikoa, jarrera artistiko berri bat islatzen baitute argi eta garbi. Gainera, Gariren zigilua daraman arren, Maldanbera taldeko kide guztiek egindako ekarpenez josita dago estudioko lan berri hau: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioa eta ahotsak) eta kide berria den Iker Lauroba (teklatuak eta ahotsak).
“Banda albuma” dela diote. Izan ere, hasieratik taldean landu da eta, Gariren beraren hitzetan, bere “diskorik borobilena” da. “Honen atzean entsegu-ordu piloa, maketak eta laborategiko lan handia dago. Horien guztien emaitza da disko sendo hau, arrakalarik gabekoa”.
30 urteko bakarkako ibilbideko errepertorio ezagunenaren zati handi bat biltzen zuen Zuzenean 2022 zuzeneko lehen albumaren ondoren, Legazpiko abeslariak zazpi kanta berriren aldeko apustua egin du. Horietako gehienak egile ezagunek idatzi dituzte, hala nola Txuma Murugarrenek, Jon Benitok, Karmele Jaiok eta Iñigo Astizek. “Guztiek dinamika eta harmonia desberdinekin jokatzen dute, 60. hamarkadako sonoritate batera teletransportatzen gaituztenak. Gainera, letra eta musikaren uztartze horretan eta horien artean sortzen den harreman berezi horrek une jakin batzuetan argazki imajinarioak ekartzen ditu gogora; entzuleek disko berri hau entzuten duten bitartean birsortu ahal izango dituzten irudiak, alegia”, azaldu du musikariak.
Era berean, diskoaren azaleko irudiei eta lan osoaren diseinuari garrantzi handia eman dio. Horretarako, Garik Ignacio Saezen laguntza izan du, eta artista polifazetiko zein margolari ezagunak, bikain islatu ditu Gariren ibilbideko inflexio-puntu berri hau eta diskoaren izenburuaren mezua bera: tokatzen zaigun bizitza bizitzearen garrantzia, bere gogoetekin, autokritikekin, kide garen komunitatearen parte aktiboa izatearekin eta maitasuna ematearekin, besteak beste.
Behin bizitzea joan berri den otsailean grabatu eta masterizatu da Elkarrek Adunan duen estudio berrian, Victor Sanchez ingeniariaren gidaritzapean. Nahasketak aldiz, Unai Mimenzak egin ditu. Dagoeneko eskuragarri dago dendetan eta plataforma digital guztietan.
Bira “Behin bizitzea” 2024
Behin bizitzea diskoaren aurkezpen bira martxoaren 21ean, osteguna, abiatuko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.