(argazkia: Lazarraga Kultur Elkartea)

Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan

Lazarraga Kultur Elkarteak azkenean jaso du 2023ko diru-laguntzaren zuriketaren Gasteizko Udalaren xedapena. Zuriketan proposatutako diru-itzulketaren bikoitza baino gehiago da Udalak elkarteari itzultzeko eskatzen diona orain, eta proiektuaren bideragarritasuna eta etorkizuna kolokan jarri besterik ez du egin ebazpen honek.

Lazarraga Kultur Elkarteak joan den apirilaren 12an jaso zuen azkenean 2023ko diru-laguntzaren zuriketaren kontu-hartzailearen xedapenaren jakinarazpena, martxoaren 27an  Tokiko Gobernu Batzarrean onartutakoa. Bertan, bi aste lehenago aurreratu zitzaion moduan, eskatutako itzulketaren kopurua 112.817,10 eurokoa izatea baieztatzen da: elkarteak aurkeztutako zuriketan proposatutako diru-itzulketaren (proiektua prestatzen gastatu gabeko 50.487,48 €) bikoitza baino gehiago da Gasteizko Udalak elkarteari eskatzen diona xedapen honen arabera. Proiektuaren bideragarritasuna kolokan jartzen duen ebazpena, ezbairik gabe.

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako jakinarazpen honetan, halaber, ez dira zalantzan jartzen elkarteak diru-laguntzaren zuriketan aurkeztutako fakturak eta ordainagiriak: 2023an elkarteak egindako gastuak eta diru-irteerak bere horretan onartzen dira, horrenbestez. Salbuespena soldatetan gastatuko diru-laguntzaren %5a da, izan ere, kopurua kalkulatzeko orduan Udalaren txostenean ez da hitzarmenean hitzez hitz aipatzen den “diru-laguntzaren zenbateko osoa” kontuan hartzen, gastatu den diru kopurua baizik.

Bestalde, nahiz eta hitzarmen osoan ez aipatu diru-laguntza jardueraren ehuneko bati mugatu behar denik, Udalaren txostenean, “diru-laguntza onargarriaren” kontzeptua bat-batean agertzen da, eta gastatutakoaren -ez, adibidez, jasotako kopuruaren- %78,70ean zenbatzen da; beste guztia itzuli beharrekoa da. Berdin dio elkarteak jadanik gastatu duen ala ez.

Elkartearen ustez, ordea, Udalaren xedapenean hainbat argudio ez dira kontuan hartu, eta ondorioz hartutako erabakia, proiektuaren etorkizunerako oso arriskutsua izateaz gain, ez du bidezko ikusten:

  • Garatu beharreko proiektuaren ezaugarriak eta gastuak elkarteak egindako eta Udalak onartutako Plan Operatiboan zeuden jasota. Eta horrela sinatuta dago 2023ko hitzarmenaren baitan.
  • Egindako gastu guztiak udalak ezagututa eta baimenduta egin dira beti: langileak, programazioa, kudeaketa programak, komunikazio plana…
  • Are gehiago: egindako gastuak hainbat partidatan aurreikusitakoak baino txikiagoak izan dira. Besteak beste, langile gastuak aurreikusi baino 23.305,51 eurp txikiagoak izan dira kulturgunea irekitzeko teknikari laguntzaileak ez direlako kontratatu; inbertsioen partidan aurreikusi baino 23.331,80 euro gutxiago gastatu dira; kudeaketa gastuen partidan 21.635,01euro gutxiago gastatu dira. Eta kultura programazioaren eta produkzioaren 54.290,00 euroko gastuak ez dira egin kulturgunea irekita ez delako egon. Ondorioz, aurrekontuan jasota zeuden 372.226,00 eurotatikk 242.462,52 euro baino ez dira gastatu; 129.763,48 euro gutxiago.
  • Bestalde, kulturgunea ez zabaltzeak, ondorio larriak izan ditu elkartearentzat, ez baitu izan aurrikusitako diru-sarrerak jasotzeko aukerarik: sarreren salmentengatik eta izen emateengatik 31.776,00 euro; espazioen eta tabernaren lagapenengatik 6.000 euro; babesleengatik eta beste hitzarmenengatik 41.500,00 euro… guztira elkarteak 79.276,00 euro galdu ditu. Baina hau ez da aipatzen Udaletik ateratako xedapenean.

Bestalde, Elkarteak gogorarazi du bera dela Udalak Gasteiz Antzokia – Euskararen Etxearen proiektua kudeatzeko egin zuen lehiaketa irabazi zuen elkartea, eta lau urtez luzatzeko hitzarmen-esparrua duela honetarako. Eta ia bi urte hauetan ireki ez bada, ezin zaio egotzi elkarteari errua, inondik inora. Elkarteak etengabe, publikoki zein udaleko arduradunekin izandako hainbat bileretan, kulturgunea lehenbailehen irekitzeko eskaera egin dio Gasteizko Udalari. Ez irekitzeko arrazoiak eta aitzakiak Gasteizko Udaletik etorri dira, behin eta berriz. Orain, ordea, elkartea da egoera honetan kalteak pairatzen dituena. Eta kalte bikoitza, gainera: kulturgunea kudeatzeko jaso gabeko diru-kopuruaz gain, orain itzultzeko eskatzen zaiona gehitu behar zaio. Udalaren xedapenak egoera okertu besterik ez du egin, eta etorkizuna kolokan uztera etorri da. Proiektua ez ezik, elkartea bera ere oso kaltetua dago erabaki hauen ondorioz.

Adierazi dutenez, “zoritxarrez, eta puntu honetara helduta, egoera honetan proiektuak ez du aterabide handiegirik: elkarteak ezin du itzuli ez duen diru bat, proiektuan Udalaren ezagutza eta baimenarekin gastatutako dirua, alegia. Ez badu behintzat Gasteizko Udalak egitasmoarekin aurrera egiteko bideak zeintzuk diren argitzen, egon badaude. Ez da nahikoa elkarteari proiektuaren baldintzak okertzera datorren hitzarmen bat sinatzeko eskatzea, ez da proiektu honek behar duen irtenbidea. Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen diru-itzulketari ezinikusiarena egiteak ez dio inori onik egiten eta ezin da aurrera egin eskuartean daudenak argitu arte”.

Udalak harago jo beharko lukela diote, eta “proiektuari argia emango dion alternatiba integralak eskaini”. Halaber, Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Udalari eskatzen dizkio egoera hau iraultzeko irtenbideak: proiektu honek elkartean konfiantza osoa duen Udal gobernu bat behar du, eta elkarlanean alternatibak bilatuko dituen aldebiko harremana; “proiektu honek hiriko kulturgune euskaltzalea erreferente bihurtzeko egin behar diren pausu finkoak emateko borondatea behar du; proiektu honek egitasmoan sinesten duen Gasteizko Udal bat behar du; eta horiek gabe ezingo du elkarteak aurrera egin, ezta proiektuak ere”.

“Bide honetan pausuak eman ezean, guztiok galduko dugu prozesu honetan: elkarteak amestutako proiektua; Udalak kulturgunea behingoz zabaltzeko aukera; euskarak arnasgune bat; sormenerako espazio bat; eta gasteiztarrek euskaraz bizitzeko leku bat. Udalaren borondate faltak Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan utzi du: Udalak sortutako arazoari Udalak aurkitu beharko dio irtenbidea”.

Zabaldu: