Gasteiz Araba Film Comission martxan da

Ikus-entzunezko proiektuak filmatzeko eta horien garapena errazteko gune gisa Gasteiz eta Araba sustatzea da egitasmoaren helburua, bai eta tokiko zinematografiako sektorea eta ikus-entzunezkoen sektore osoa indartzea ere.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Gasteiz Araba Film Comission martxan jartzeko. Zerbitzu honek tokiko eta nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpen-etxeen kudeaketak erraztuko ditu, eta hiriburuan eta lurralde osoan kokapenik onenak aurkitzen lagunduko die.

Ikus-entzunezkoen sektoreak Araban eta Gasteizen izandako gorakadak eta sendotzeak eragin du hitzarmena, bai eta lurraldean bideratutako ikus-entzunezko ekoizpenen kopuruaren hazkunde nabarmenak ere. Hori dela eta, “beharrezkoa da lankidetza-mekanismoak abian jartzea, bi erakundeek abian jarritako helburuei erantzun eraginkorragoa eman ahal izateko”, adierazi dute.

Lehentasunezko helburuak ikus-entzunezko proiektuak filmatzeko eta horien garapena errazteko gune gisa Gasteiz eta Araba sustatzea eta bultzatzea direla nabarmendu dute, bai eta tokiko zinematografiako sektorea eta ikus-entzunezkoen sektore osoa (eta haren lehiakortasuna eta kalitatea) indartzea ere.

Bi erakundeen artean zehaztutako lankidetzarako eta koordinazio estrategikorako esparruak jarduera-ildo batzuk barne hartzen ditu, hala nola Gasteizen edo Araban egiten diren filmaketetara joatea eta horiei buruzko informazioa ematea; espazio publikoetan filmatzeko baimenak izapidetzeko lanak kudeatzea; filmatzeko espazioak bilatzen laguntzea eta tokiko ikus-entzunezko profesionalak hemen filmatzeko interesa duten ekoizleekin harremanetan jartzea.

Egitasmo berriak, gainera, babesak eta beste finantzabide batzuk bilatzen lagunduko du; lurraldea sustatuko du ekitaldi, azoka eta beste kanal batzuetan; ikus-entzunezko sektorean tokiko talentua eta jarduera ekonomikoa babestuko ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna