Higa topaketaren 4. edizioa (2023)

Gasteiz hizkuntza gutxituen topagune bihurtuko da 2025eko uztailaren 14tik 18ra

Higa topaketaren edizio berriak gai berriak jorratuko ditu, artearen eta hizkuntza aktibismoaren arteko intersekzioa, besteak beste.

2025eko uztailaren 14tik 18ra bitartean, Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren (HIGA) bosgarren edizioa izango da Gasteizen. Topaketa Hiru eleduna izango da, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz, interprete profesionalekin.

HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteentzako nazioarteko topaketa da, eta hizkuntza horiek biziberritzea eta mundu mailako hizkuntza komunitate ezberdinen arteko elkarlana sustatzea du helburu. Antolatzaileen esanetan, “topaketak espazio bat eskaintzen die belaunaldi berriei beren komunitateetako hizkuntzak biziberritzeko, beren kultura eta ondarea zaintzeko estrategiak ikasi eta praktikatzeko, eta lankidetza sareak osatzeko. Gainera, arratsaldean irekitako mikrofonoek, kontzertuek, dantzek eta bisita gidatuek bertako eta nazioarteko kulturarekin konektatzeko eta esperimentatzeko aukera emango diete parte-hartzaileei, hainbat artistaren bidez”.

2011n Gasteizko Udalak martxan jarri zuenetik, HIGA nabarmen hazi da. “2023an, orain arteko topaketarik anitzena egin genuen, 55 hizkuntza gutxituren ordezkari gisa 75 parte-hartzailerekin. 2025ean hazten jarraitzeko ideiak pozten gaitu!”, adierazi dute.

2025eko edizioa “handiagoa eta hobeagoa” izango dela azpimarratu dute antolatzaileek, “nazioarteko parte-hartzaile gehiago izango ditu, aktibistak, akademikoak eta ikertzaileak barne”.

Topaketan jasotako prestakuntza Euskal Herriko Unibertsitateak emandako udako ikastaroaren ziurtagiri baten bidez aitortuko da. Edizio berri honek gai berriak jorratuko ditu, artearen eta hizkuntza aktibismoaren arteko intersekzioa, besteak beste.

2025ko urtarrilaren 10era arte eman ahal izango dute izena interesa dutenek, higatopaketa.eus webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna