Erakusketak 80ko eta 90eko hamarkadetako hogei pieza inguru biltzen ditu, Euskal Herriko artearen esparruan dauden hizkuntza, proposamen eta eztabaida irekien aniztasunaren adibide.
Gasteizko Artium Museoak 101. Ondare publikoa eraikiz erakusketa ireki du apirilaren 24ra arte. Erakusketaren izenburuko zenbakiak Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren funtsetatik Artium Museoa Bilduman 2021era arte sartutako artelanen kopurua du aipagai, gehienak 1982 eta 1995 aldiko Gure Artea sariei lotutakoak. Hala, kultur berrikuntza eta aldarrikapen soziala bat datozen une konprometitu eta definizio-egarri baten isla diren hogei bat pieza bildu dira erakusketa honetarako. Enrique Martinez Goikoetxeak egin du komisariotza lana.
1982tik 1995ra bitartean, 96 sari banatu ziren, diziplinen arabera antolatuak: pintura eta eskultura lehen edizioan, horiei grabatua gehitu zitzaien bigarren deialdian, eta argazkia 1989. urtetik aurrera. Hurbileko publikoari zuzendutako erakusketetan parte hartzen zuten lanak ziren, garai bateko egiteko moduen kartografiak, eta, ondoren, euskal administrazioaren funtsen parte izatera pasatzen ziren.
Gure Artea Sariek 40 urte bete dituzte aurten. Gaur egun duen sari hirukoitzaren (artista bati, kudeaketari eta ibilbideari) formatura iristeko bidean, hainbat aldaketa izan ditu, baina, zalantzarik gabe, ikusgarritasuna emateko espazio berezi bat sortzeko balio izan du, eta bertan bat egin dute Euskal Herriko artearen esparruan piztutako eztabaiden berri eman izan duten hizkuntza eta proposamen anitzek.
Erakusketa, gainera, pauso garrantzitsua da ondarea eta oraintsuko historia kontserbatzeko eta aztertzeko. Sariaren parte diren artista eta obra multzo izugarria une konprometitu eta definizio-egarri baten isla da. Kultura-berrikuntza eta gizarte-aldarrikapena bat zetozen aldi batena, non borondate politikoak oinarrizko eragile gisa ikusten zituen artistak, guztiona denaren iruditeria berri bat eraikitzeko.
Erakusketak museoaren lan-ildo nagusi batzuk nabarmentzen ditu, ondare publiko garaikidea kontserbatzeko, ikertzeko eta zabaltzeko eginkizunei lehentasuna ematen dietenak, hain zuzen ere. “Ia 2.500 artelanek osatzen duten Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren ondare funts paregabean 101 artelan horiek sartzea urrats berri bat da oraina aztertzen eta hausnartzen laguntzeko zereginean”.