Ikasketa Zentroaren lehen jarduera asteburu honetan izango da, Marwa Arsanios (Washington, 1978) artista libanoarraren Lurrak ez du jaberik izango erakusketarekin loturik. Otsaileko programak oroimenaren inguruko hausnarketa kolektibo bat proposatuko du, Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrena ardatz hartuta.
Artium Museoak AMA Ikasketa Zentroa aurkeztu du, arte garaikide eta haren ahalmen eta hedapenaren gainean hausnartzeko gunea. Azaldu dutenez, “museoaren erakusketa-proiektuekin lotura estua duen ikasketa-plataforma da eta praktika artistikoak, ikerketa-prozesuak eta ezagutzaren ekoizpena elkarrekin gurutzatzen eta aktibatzen diren espazio bat proposatzen du”.
Zentroak, etengabe garatzen ari den lan-esparrua izanik, oso kontuan ditu artearen testuinguruak zeharkatzen dituzten galderak: memoria eta irudimen politikoa eraikitzeko moldeak, komuna den hori bizitzeko moduak, kritikaren eta idazketaren hizkuntzak eta etengabe mugitzen ari den denborazkontasun baten ikuspegitik etorkizun desiragarriak pentsatzeko eta saiatzeko aukera.
Ildo horretatik, AMA Ikasketa Zentroa “testuinguruan kokatutako ikerketa-gune gisa antolatzen da; haren bidez, jakintza hedatzen da elkarrizketa iraunkorraren bidez, lankidetzazko ikerketa-moldeei leku eginez, zeinak batzuetan disruptiboak baitira, baina gaur egunetik pentsatzeko ezinbesteko konplizitateak ehuntzen baitituzte”.
Hala, Zentro berriak Artium Museoaren baliabide, bilduma eta erakusketekin elkarrizketan lan egiten du, eta, aldi berean, kanpo-eragileekiko lankidetza-sare bat aktibatzen du, artistak, ikertzaileak, komisarioak, idazleak eta kultura erakundeak eta akademikoak biltzen dituena, tokiko nahiz nazioarteko testuingurukoak. “Aliantza horien bidez, zabaldu egiten dira museoaren ikerketa-esparruak, eta askotariko jakintzak eta metodologia partekatuak barreiatzen dira”.
Honako lur hura habitatzeko moduak
Zentroaren programaren lehen jarduera, Honako lur hura habitatzeko moduak, Marwa Arsanios (Washington, 1978) artistaren Lurrak ez du jaberik izango erakusketarekin une honetan museoan ikusgai— elkarrizketa bat ezartzea bilatzen duen proposamena da. Hitzaldi eta lantegien bidez, Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako hainbat geografiatan zein bertako testuinguru hurbilean lurra banatzeko, bereganatzeko eta erauzteko politikei buruzko pentsamendu- eta hausnarketa-gune bat irekitzea proposatzen du programak. Bizitza baieztatzeko modu kolektibotzat hartzen diren lurraren erabileren autoantolaketa eta birjabetze praktiketan sakontzea da programaren helburua.
Programa ostegunean eta ostiralean izango da eta Arsanios bera, Nader Koochaki (Donostia, 1983) eta Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) artistak, Paisanaje kolektibo madrildarra, Leire Vergara komisarioa (Bilbo, 1973) eta Françoise Verges (Paris, 1952) idazle eta teorialari feminista izango dira bertan.