'Despedida en la cárcel' obra

Gasteizko Artium museoak azkenaldian eskuratutako obra sorta jarri du ikusgai

Besteak beste, museoaren programazioaren parte izan diren 15 artistaren 34 lan erosi ditu Artium Fundazioak bi urte hauetan.

Gasteizko Artium Museoaren bilduman 65 obra gehitu ziren 2023-2024 biurtekoan zehar. Batzuk Artium Fundazioak eskuratuak, besteak, berriz, artista eta bildumagile pribatuek dohaintzan emandakoak. Zehazki, museoaren erakusketa-egitarauaren parte izandako 15 artistaren 34 pieza eskuratu ditu Fundazioak. Zerrenda horretan, margolanak, eskulturak, instalazioak, argazkiak eta bideoak biltzen dira, besteak beste. Carolina Caycedo, Alejandro Cesarco, Rafael Lafuente, Rosalind Nashashibi, Julia Spinola eta Isidoro Valcarcel Medina artistak dira obren egileetako batzuk.

Bestalde, museoaren Fundazioari 20 artistaren 31 obra dohaintzan eman dizkiote partikularrek. Artista hauenak, besteak beste: Txaro Arrazola, June Crespo, Alejandro Garmendia, Agustin Ibarrola, Jesus Mari Lazkano, Nerea Lekuona edo Juan Luis Moraza. Horiei gehitu behar zaie Oscar Tuazon artista estatubatuarraren garrantzizko obra bat.

Gainera, beste 55 obra sartu dira museoaren Bilduman Bilduma Partekatua programaren bidez. Hala, azken hau kontuan hartuta, denera 120 artelan berri sartu dira 2023an eta 2024an, guztira.

Bilduma, ikusgai

Artium Museoak A1 aretoan ikusgai jarri du azken bost urteetan eskuratutako obren sorta hautatu bat, apirilaren 27ra arte.  Rosalind Nashashibiren (Londres, 1973) A Wider Kind of Love pieza ikus daiteke lehenik, eta espazio berean daude Maria Franciska Dapenaren (Palentzia,1924 – Bilbo, 1995) Despedida en la cárcel, Erlea Maneros Zabalaren (Bilbo, 1977) The New York Times, Patricia Dauderren Night Shift eta Oscar Dominguezen (Santa Cruz de Tenerife, 1906 – Paris, 1957)  Arbalète, ibilbideko obrarik antzinakoena, Bildumaren muin historikoarekin lotura egiten duena.

Aurrekoaren alboko espazio batean, bi film hauek proiektatuko dira: i confess, Moyra Davey (Toronto, Kanada, 1958) eta Paraíso, Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) eta Marina Lameiro (Iruñea, 1986). Espazio horretan bertan ikusgai egongo dira ere Kimia Kamvariren (Kolonia, Alemania, 1986) Gâv argazki-saila eta Raul Dominguezen (Barakaldo, 1984) formatu handiko marrazki bat (izenbururik gabea).

Aretoetatik kanpo ere hedatuko da erakusketa, hain zuzen ere, azpiko atarian aurkeztuko da Oscar Tuazonen Oil and Water eskultura eta museoko barruko plazako Lorategian, June Cresporen Core eskultura-multzoa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna