(argazkia: Artium Museoa)

Gasteizko Artium Museoak Edurne Rubioren ‘Clamor’ erakusketa aurkeztu du

Clamor heriotzari buruzko filma da, eta “baztertuen” ehorzlekuak ditu abiapuntu: suizidenak, errepresaliatuenak, ateoenak. Erakusketarako filmean agertzen diren zenbait tokirekin loturiko artxiboko irudiak eta testuak bildu dituzte.

Gasteizko Artium Museoak Edurne Rubio artistaren (Burgos, 1974) Clamor proiektua aurkeztu du Z aretoan. Museoak artistaren azken filma proiektatuko du; lan horretan heriotza da ardatza, eta hiri eta herrien trama urbanotik kanpo kokatutako ehorzlekuetara egindako bisita da abiapuntua; hilerri katolikoetatik aparteko gune horietan hartu zuten atseden pertsona anonimo, ateo, suizida edo errepresaliatuen hilotzek. Erakusketan ikusgai da, halaber, gune horietako batzuei buruzko argazki dokumentalen eta testuan sorta hautatu bat. Clamor proiektua Mondragonekin lankidetzan ekoitzia da. Programaren gaur egungo zikloak Garbiñe Ortega du komisario. Bestalde, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du, Andrea Cinel arte-komisarioaren testua duena.

Orain dela gutxira arte, suizidak eta bataiatu aurretik hildako haurrak ez zituzten hilerri katolikoetan onartzen. Senideak haien gorpuentzako ehorzleku duin baten bila ibiltzen ziren. “Haien ehorzlekuek mendia eta haizea partekatzen dituzte fusilatuekin, ateoekin, oinezkoekin, protestanteekin… Hilobi inprobisatuak dira, antzinagoko nekropolien tankera dutenak, hiririk ez zegoen garaiko hilobien tankerakoak. Kanpaiek ez zuten sekula jo «besteentzat» eta, hala ere, hilerritik kanpo, erakundetik kanpo, paisaia bihurtzen da heriotza”, azaldu dute.

Clamor proiektuak, filmaren proiekzioaz gainera, Rubiok bisitatutako tokietako batzuen zazpi argazki biltzen ditu, haietako bakoitzari buruzko kontakizun labur banarekin batera:  Mozoncillo de Juarrosko protestante eta oinezkoentzako beste hilerria, Gerra Zibilaren hasieran Orbaneja del Castillon fusilatutako hiru gazteren hilobia, Rio Ubierna merindadeko Burdin Aroko nekropolia, Esteparreko hobi komuna, Villaespasako ateoen eta bataiatu gabekoen hilerria…

Z aretoa

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimenduan dagoen irudia pentsatzeko sortutako programa da, eta narrazio-forma berriak bilatzen dituzten autoreak ezagutarazten ditu, historikoki hizkuntza zinematografikoa definitu duten konbentzioak, generoak eta kategorizazioak zalantzan jarriz.

Zabaldu: