(argazkia: Artium Museoa)

Gasteizko Artium Museoak ‘Katinka Bock. Logbook’ erakusketa aurkeztu du

Artistak azken bost urteetan egindako obra sorta bat jasotzen du erakusketak, batzuk Artiumerako propio sortu ditu. 

Katinka Bock. Logbook erakusketak artistaren oraingo lanak ezagutzeko aukera eskainiko du, haren ibilbidearen funtsezko ezaugarriekin: Eskultura, arkitektura eta hizkuntzaren eremuen arteko etengabeko trukea.

Bock-en eta bertako artisauen arteko elkarlanetik eta museoko espazioak balearen sabelarekin edo itsasontzi baten sotoarekin lotzetik abiatuta egin diren piezak daude erakusketan, besteak beste. Beatriz Herreezek komisariatu du erakusketa, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriaren laguntza izan du.

Artistak bere erakusketa guztietan definitzen du obrak hartuko dituen espazioa, lekua aldatzen duten eta hari eragiten dioten esku-hartzeetatik abiatuta, ateak, leihoak eta tunelak irekiz edo lan horietara hurbiltzen denaren pertzepzioa aldatzen duten elementu berriak gehituz. Artium Museoaren kasuan, A2 aretoko hormetan irekidura zabalak eginarazi ditu, panelen eta saihets-hezurren barne-egitura agerian utziz, espazioak lotzen eta erakusketa ikusteko modua aldatzen dituztenak. Orain arte estalita zeuden zenbait idi-begi ere ireki ditu, espazioa argi naturalez betez eta museoaren kanpoaldetik artelanak ikusteko aukera eskainiz.

Logbook (Ontziko liburua) Bock-ek azken bost urteetan egindako lanen hautaketa bat da, batzuk erakusketa honetarako propio sortuak. Artistaren hitzetan, bere ekoizpena, askotan, lan prozesu baten emaitza da, eta bertan, arrazionala eta ezustekoa daude. Herraezek azaldu duen bezala, “Logbook-ek balearen sabela bezalakoa den museo bat marrazten du (zeinetatik dena aprobetxatzen baita), eta bertan pilaturik: Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak loretan, erakusketaren aldameneko espazioan biltegiratzen diren Bildumako 2.500 artelanekin batera”.

Albaolarekiko lankidetza

Bock-ek 2020ko udan bisitatu zuen Pasaiako Albaola lantegia, erakusketa prestatzeko Euskal Herrira egin zuen bigarren bisitan. Itsasontziak egiteko artisau-moduak berreskuratzeko eta Ternuako kostaldean hondoratutako XVI. mendeko euskal baleontzi baten, San Juan itsasontziaren, erreplika bat sortzeko proiektua ezagutzeko aukera izan zuen artistak. Aldi berean, Selma Huxleyren berri izan zuen, Euskal Herrian urte luzez bizi izan zen historialari britainiarra, Kanadako euskal arrantzategien historiaren inguruan hainbat aurkikuntza ikertu eta egin zituena.

Artiumekin izandako elkarrizketa ugaritan, Albaolako ikasleekin elkarlanean

erakusketarako artelan bat egitea bururatu zitzaion artistari, itsasontziaren zuokerrak sortzeko erabilitako haritz-zurezko pieza luze okertuak erabiliz. Segment with unknown radius, zortzi metro inguru luze, aretoan dago ikusgai, eta baita Selma ere, historialariaren irudia gogorarazten duen zeramikazko eskultura.

Katinka Bock. Logbook erakusketa A2 aretoan egongo da ikusgai irailaren 12ra arte.

Zabaldu: