Amaia Miranda (argazkia: Carla Perez)

Gasteizko Artium Museoak ‘Trama’ programaren bigarren edizioa aurkeztu du

Aurtengo edizioan, ekofeminismoak eta ingurumen-justizia landuko dira, proiekzioen, hitzaldien, performanceen eta zuzeneko musikaren bidez. Yayo Herrerok, Marc Badalel, Monica Nepotek, Amaia Mirandak, Lizar Begoñak, Idoia Zabaletak, Xiana do Teixeirok eta Teresa Castrok hartuko dute parte.

Gasteizko Artium Museoak Trama, mugimendudun irudia pentsatzen eta beste arte eta jakintza-arlo batzuekin erlazionatzen duen diziplinarteko programa aurkeztu du. Bigarren edizio honetan hitzaldiak, performanceak, kontzertuak, lantegiak eta proiekzioak izango dira, eta, “bitarteko horietan oinarrituta, topaguneak sustatzea bilatuko da, oraina ulertzeko eta pentsatzeko eta balizko beste etorkizun batzuk marrazteko hiztegiak sortzen laguntzearren”, azaldu du antolakuntzak.

Aurtengoak ekofeminismoak eta ingurumen-justizia izango ditu ardatz nagusi, eta arreta berezia jarriko die lurraldearekiko erlazioa eta erlazio horren gatazkak zabaltzen eta konplejizatzen dituzten ikerketa artistikoko praktika ekokritikoei.

Ekofeminismoak eta ingurumen-justizia ardatz dituen egitaraua

Bestalde, programak aztergai izango ditu ere mugimendu irudiduna eta artearen eta pentsamenduaren beste diziplina batzuekin duen erlazioa, eta, horretarako, ekofeminismoak eta ingurumen-justizia ardatz dituen egitarau bat dakar. “Erauzketa-politiken ondorioz, era guztietako izaki biziak etengabe suntsitzen ari diren honetan, beharrezkoa da hondatuta dagoena nola konpondu edo leheneratu kolektiboki hausnartzea”.

Gloria Anzaldua idazle eta aktibista chicanoak zatikatuta dagoena modu berri batean batzeko ekintza gisa planteatzen du ariketa hau, egiteko eta desegiteko prozesu jarraitu batean.

Programa honek, beraz, lurraldearekiko harremana eta lurraldeak bizi dituen gatazkak zabaltzen eta konplejizatzen dituzten ikerketa artistiko ekokritikoen gainean arreta jartzera gonbidatzen gaitu.

Egitarauari jarraituz, Yayo Herrero antropologo eta ekintzaile ekosozialak (Madril, 1965) gogoeta egingo du mutazio antropologikoei eta iraultza apalei buruz, horiek alternatiba kolektibo gisa harturik.

Xiana do Teixeiro zinemagileak landareen inteligentziara hurbilduko gaitu, Lecciones de Botánica obraren irakurketa performatiboaren bidez.

Marc Badal ikertzaileak (Bartzelona, 1976) lurrarekiko keinuei eta etxekoaren kontaketei buruzko hitzaldia eskainiko du.

Teresa Castro akademikoak gizakiaz haratago doan existentzia baterantz lerratzeari buruz gogoeta egiteko proposamena egingo du.

Monica Nepote idazleak (Guadalajara, Mexiko, 1970) espezieen arteko erlazio-molde berrietatik abiatuta denborazkotasunak bizitzeko moduez jardungo du, modu telematikoan.

Idoia Zabaleta artistak (Gasteiz, 1970) banakako masajeak emango ditu, ikusmira eta pertzepzioa zabaltzeko, Pupa pupita pupila. Ikusmenaren masaje bat performacean.

Amaia Miranda musikariak (Leioa, 1993) Cada vez que te veo lo entiendo kontzertua emango du.

Azkenik, Lizar Begoña idazleak (Sopela, 1996) poesia-errezitala eskainiko du museoko lorategian, belar txarren bertuteei buruz —ere— pentsatzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna