Erakusketa abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai Gasteizko museoan.
Gasteizko Artium Museoak Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean izeneko erakusketa aurkeztu du, modu kritikoan eta espekulatiboan mugimendudun irudiak bestetasunaren (modernitatetik eratorritako gailu epistemologiko osoa oinarri hartuta Mendebaldetik eraiki eta definitua) kontakizunaren eta irudikapenaren eraikuntzan duen papera aztertzen duen lana. Erakusketa-proiektua osatzen duten lanek askotan deseraiki egiten dituzte finkatutako metodologiak edo zalantzan jartzen dituzte irudiak ekoizteko teknologiak, baina kamera autoirudikapenaren zerbitzura jartzen dute orobat.
Proiektuak Maya Deren (Kiev, 1917 – New York, 1961) zinemagileak Haitin egindako lanaren inguruko hausnarketak hartzen ditu abiapuntu, batetik, eta uhartera egin zituen bidaietan —vodouaren munduan sartuz— erregistratutako material filmikoa argitaratzeari uko egin izana, bestetik. Derenek Divine Horsemen. The Living Gods of Haiti (1954) liburuaren lehen orrialdeetan definitu zuen bere jarrera: “artista gisa hasi nintzen, errealitateko elementuak nire sormen-osotasunaren araberako artelan bihurtzeko manipulatuko zituen norbait izateko asmoz; azkenean, bere osotasuna onartzera eta nire manipulazioak uztera behartu ninduen errealitate baten logika erregistratu nuen ahalik eta apaltasun eta zehaztasun handienarekin”. Zinema-formatua alde batera utzi eta idazketaren alde egite horrek zenbait elementu ematen dizkigu, dokumentu-formatuetako irudikapen-eragiketa inplizituei buruzko hurbilketa kritikoa eraikitzen hasteko.
Bestetik, erakusketa beraren izenburua Trinh T. Minh-ha (Hanoi, 1952) zinemagile eta teorialari feminista vietnamdarraren Reassemblage (1982) filmetik hartutako aipu bat da. Senegalen filmatua, Reassemblage beste errealitate bat irudikatzeko asmotik urruntzen da, berez, zinemaren teknologiaren bidez irudi batzuk filmatzeko ekintzari berari buruzko hausnartzeko, eta irudi horiei Trinhen off-eko ahotsa gainjartzen zaie. Ez du errealitatearen azalpen antolatu eta objektibo bat eman nahi, eta bere asmoa ez da “inori buruz hitz egitea, inoren hurbiletik baizik”. Hara zer dioen zinemagileak: “Bizitza ikusten dut niri begira. Zirkulu batetik begira nago begiraden zirkulu batean”. Zirkulu horrek, kameraren leiarrak, filmatutako begiradak erregistratzen ditu, filmatzen ari denari begirada itzuliz; horrek guztiak agerian uzten du sortzen diren harreman-sareen konplexutasuna, subjektibotasun batzuen eta besteen arteko distantzia-oszilazioa tarteko, baina tarteko, orobat, desira ere.
Erakusketak, beraz, pentsamendu dekolonialaren, zibernetikaren eta feminismoen eragina jaso duten praktiken genealogia proposatzen du eta, gainera, mugimendudun irudiez gain, Vilem Flusserrek “irudi teknikoak” izena eman zien horien eta beste jardunbide artistiko batzuen artean proposatutako loturak ugaltzen dituzten beste lan batzuk biltzen ditu.
Hauek dira erakusketan pare hartu duten artistak eta kolektiboak: Sammy Baloji, Louidgi Beltrame, Minia Biabiany, Edgar Calel (Fernando Pereira dos Santosekin elkarlanean), Lastenia Canayo (Pecon Quena), Raymonde Carasco, Colectivo Los Ingravidos, Maya Deren, Juan Downey, Sheroanawe Hakihiiwe, Aida Harika, Edmar Tokorino & Roseane Yariana, Helena Producciones, Hector Hyppolite, Morzaniel Ɨramari, Frantz Jacques “Guyodo”, Karrabing Film Collective, Sarah Maldoror, Sueli Maxakali, Beatriz Santiago Muñoz, Rosalind Nashashibi, Deborah Stratman, Trinh T. Minh-ha eta Santiago Yahuarcani. Erakusketa Catalina Lozanok komisariatu du, museoko komisarioburuak, Louidgi Beltrame artistarekin egindako elkarrizketak eta trukeak laguntzarekin.
#Hitzak argitalpen-seriea
Erakusketaren harira, Artium Museoak #Hitzak argitalpen-seriearen ale berri bat argitaratu du. Bertan, komisarioaren testuaz gain, erakusketa osatzen duten filmen eta obren testu zabal bat eta fitxa komentatuak jasotzen dira.