Gasteizko Baratza Aretoak bere zazpigarren urteurrena ospatuko du asteburu honetan

Ostiralean eta larunbatean, Hanut Munson, Amaia Bono & Damian Montesdeoca, eta sorkuntza eszeniko tailerrean parte hartu dutenak izango dira. Sarrerak salgai daude jada.

Baratza aretoak zazpi urte bete ditu eta bertako kideek sare sozialen bidez adierazi dutenez, “bizitzako gauzekin gertatu ohi den bezala, denborak hasperen bat eta bizitza oso bat ematen du, aldi berean”.

Gasteizko aretoa espaziorik ez dutenei ahotsa edota bere espazioa erraz aurkitzen ez dutenei leku bat emateko jaio zen, eta gaur egun ere “gure mundu txiki honetako artista guztiei laguntzen jarraitzen dugu”, adierazi dute. “Arte eszenikoetarako eta kulturarako espazio alternatibo eta independentea izateko ametsarekin jaio ginen. Orain amets fabrika bat gara. Espazio bat non amets eta majarada horiek errealitate bihur daitezkeen. Ekoizpenak eta ekonomiak bizitzako jarraibideak markatzen dituzten gizarte baten erdian, denbora iragankorrean eta sortzailean erabiltzen diren espazioak erresistentzia-txoko bihurtzen dira”. Izan ere, Baratzako kideei urte hauetan, askotan iruditu zaie euren ahaleginak erresistentzia-ekintzak direla.

“Sektorearen prekarietateari, erakundeek edota moda iheskorrek markatutako joerei aurre eginez, sakoneko lasterketa batean nekeari aurre eginez, artisten eta eragile sortzaileen lan-duintasunaren alde borrokatuz eta arimei heltzeari aurre eginez aritzen gara”, azaldu dute. Baina konkurrentzia publikoko espazio bat kudeatzean, ikasle, artista egoiliar, publiko eta antzeko jende-taldeez inguratuta daudela diote eta guzti horrek jarraitzeko indarra ematen diela adierazi dute.

Hausnarketa honekin Baratzak etorkizunari begiratzen jarraitu nahi dio. “Hilabete arraro hauetan Baratzak ez du etenik izan proposamenak eta era guztietako jarduerak jaso eta eskaintzeko. Gure tamainari esker, ez txiki eta ez handi, ur gainean mantentzea lortuko dugu sektoreak sekulako erasoa jasan duen urte batean”. Hori bai, alde batera utzi ezin daitezkeen aldaketa-garaiak direla diote, eta Baratzatik aukera hori hartu nahi dute oraina eta etorkizuna berriro planteatzeko.

“Beste behin ere, merkatu libre kapitalistak kultur sektorearentzat ezartzen dituen joerak saihesten saiatuko gara, eta etorkizunari ahalik eta gizatasun handienaz aurre egingo diogu. Gure leku xumetik, gure ahaleginaren erdigunean komuna jarri nahi dugu erdigunean”. Baratzakoen ustez, “arteak eta kulturak etorkizuna duen gizarte batean funtsezko ardatz izan behar du”.

Egitarau berezia

Zazpigarren urtemuga ospatzeko egitarau berezia prestatu du Gasteizko aretoak. Ostiralean arratsaldeko 19:00etan, Asier Rodriguezek (gitarra, elektronika eta samplerrak) eta Alvaro Larroryk (bateria eta perkusioa) osatzen duten Hanut Munson musika proiektuaz gozatzeko aukera egongo da.

Larunbatean, berriz, Amaia Bono eta Damian Montesdeoca bikote artistikoak Momentum ikuskizuna eskainiko dute arratsaldeko 19:00etan.

Horretaz gain, Munduaren hasierako jaia’ izeneko sorkuntza eszeniko tailerraren erakusketa izango da.

Zabaldu: