'Arabazan ipuinen saltsan' (argazkia: Baratza aretoa)

Gasteizko Baratza aretoak Bertako Fest jaialdia antolatu du hilaren 20tik 23ra

Dantza, antzerkia, narrazioa eta zinema bilduko dituen egitaraua prestatu dute.

Bertako Fest jaialdiaren edizio berri batek tokiko sorkuntza Gasteizko Baratza aretora hurbilduko du berriz ere otsailaren 20tik 23ra bitartean.

Jaialdia iaz grabatutako dokumentalaren aurkezpenarekin abiatuko da, Baratza aretoan garatutako proiektuaren lehen hamar urteak oroitzeko. Emanaldia otsailaren 20an izango da, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Ostiralean, otsailak 21, berriz, antzerkiaren txanda izango da. Andres Bezaresek bere azken lana aurkeztuko du Polvo izenpean. Pertsonen eta etxeen istorio bat da obra. Babestutako apartamentu baten barrualdera egindako bidaia, non pertsona bat modu irregularrean bizi den. “Benetako pasadizoetatik abiatuta, istorio fantastikoetara garamatza, non hauskortasuna eta umorea eskutik helduta doazen”, azaldu du antolakuntzak.

Jaialdiak aurrera jarraituko du larunbatean, otsailaren 22an, Ni eta gorputzaren artekoa. llorona llevame al río dantza garaikideko obrarekin, Olaia Valle Lopezen eskutik. “Dantza, zuzeneko soinu konposizioa eta ikus-entzunezkoaz osatutako esperientzia eszenikoa, interpretatzen den bakoitzean, ate berri bat irekiko da bat-bateko konposizioarentzat… Binakako kontzertu bat, gorputz batentzat. Gorputzaren bidez sortzailearentzat inspiratzaileak diren emakumeak omentzen saiatzen dira. Orainaldian bizi nahi duen gorputza da, etengabeko bilaketa sotilean dagoena. Pieza bizia eta sentikorra da”.

Amaitzeko, otsailaren 23an, igandea, Arabazan ipuinen saltsan izango da Arabazan Ahozkotasun Elkarte Kulturalaren eskutik familia osoari zuzendutako narrazio ikuskizuna da. Adierazi dutenez, “lau kontalari izango dira Baratzan kontari. Lapikoan sartzeko osagai ugari. Horiek bildu, kiribildu eta ikimilikiliklik!”. Ipuin salda ederra osatu dute.

Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 20:00etan izango dira eta igandekoa 18:00etan. Sarrerak eta ikuskizunei buruzko informazioa Baratzaren webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna