Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren 'Popperra, afterra, utopia'

Gasteizko Baratza aretoak Bertako Fest jaialdia antolatu du hilaren 24an eta 25ean

Ikuskizunak Korrika Kulturalaren parte izango dira. Larunbatean Gilkitxarok Identitarteak antzezlana taularatuko du eta igandean Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren Popperra, afterra, utopia ikuskizuna ikusteko aukera egongo da.

Bertako Fest jaialdiaren edizio berri batek tokiko sorkuntza Gasteizko Baratza aretora hurbilduko du, otsailaren 24an eta 25ean. Aurtengo edizioan, ikuskizunak Korrika kulturaleko ekintzen parte izango dira.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “jarduera berri bik osatzen dute jaialdi honetako programa”. Gainera, ordutegi aldetik, aldaketekin dator aurtengo edizioa. Lehenik eta behin, larunbatean, otsailak 24, Identitarteak euskarazko antzerki ikuskizuna eskainiko da 20:00etan. Gilkitxaro taldearen azken antzezlan honetan, beren buruei nor eta zer diren galdetzen diete oraindik taldekideek, agertokietan 25 urte eman ondoren. Beti ere komediatik, jolasetik eta ikuslearengandik gertu planteatzen dituzte zalantzak. Lutxo Egiaren testu bat da abiapuntua, eta hortik aurrera, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreak Aitor Garcia de Vicuña Gartxito musikariarekin batera igoko dira taula gainera. Identitateen inguruko galdera berri eta zaharrekin jolasten jarraitzeko asmotan agertuko dira, beren identitateak eraiki eta deseraikitzera jolastuko dira testua, musika eta performancea nahasten dituen honetan.

Jaialdiak igandean, otsailak 25, jarraituko du goizean (bermuten orduan) 13:00etan, Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren Popperra, afterra, utopia lanarekin. Hitza eta soinua uztartzen dituen emanaldia. Sarriugartek irakurketa egingo du, Narbaiza soinu-giroaz eta abestiez arduratzen den bitartean. Bien artean bat eginez, bat osatuz. Dolua, dantza, popper-a, after-a, irudimena eta lagunak dira aipatu diren gaietako batzuk.

Sarrerak eta ikuskizunei buruzko informazioa www.salabaratza.com webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu: