Dantza, antzerki dokumentala, antzerkia, performancea bilduko dituen egitaraua prestatu dute.
Bertako Fest jaialdiaren edizio berri batek tokiko sorkuntza Gasteizko Baratza aretora hurbilduko du berriz ere otsailaren 22tik martxoaren 1era bitartean.
Jaialdia Amaiur Maciasen Organorik gabeko gorputz baten orroak antzerki-performancearekin abiatuko da otsailaren 27an. Proposamen eszeniko honetan sedukzioak eta munstrokeriaren arteko topaketa izango da. “Performerraren gorputza domeinu kolektiboko eremu bihurtuko da azkenean, zuntz, tendoi eta organo multzo desantolatu batean. Gorputz desantolatu bat, organorik gabeko gorputz bat”, azaldu dute antolatzaileek. Lanak zalantzan jartzen ditu intimitatearen eta ikusgarritasunaren arteko distantziak eta publiko gisa ditugun begiratzeko moduak. Eta gogoeta interesgarriak eragiten ditu, hala nola, Film porno bat edo pieza eszeniko bat begi berberekin begiratzen duzu? Zertan bereizten da zure begiratzeko modua?.
Larunbatean, otsailak 28, Patas de Gansa Kolektiboaren Txatxararen txanda izango da. “Gure antzinekoak inongo errekonozimendurik gabe egindako zaintza lanetan inspiratutako dantza-pieza bat da, duela bi belaunaldira arte ibaian garbitzea izan denaren bizipena jasotzen duena. Eta, behar adina pisatuko ez balu bezala, uko egin diogula afektuan jartzeari eta transmititzeari”, azaldu du kolektiboak.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, igandean, martxoak 1, Makur Antzerkiaren Voyage voyage ikuskizunak umorezko bidaia bat proposatuko du. “Zeharkaldi honek urrunekoa eta gertukoena uztartuko ditu. Erabat ezezaguna dena eta ondoegi ezagutzen duguna. Bidaia horrek geure buruarekin berriro topo egitera eramango gaitu. Ikuskizun hau Korrika Kulturalaren programazioaren parte izango da.
Ostiral eta larunbateko emanaldiak 20:00etan hasiko dira, igandekoa, berriz, 19:00etan. Sarrerak eta ikuskizunei buruzko informazioa Baratzaren webgunean daude eskuragarri.