Gasteizko Bilgune Feministak Azken Uda Dantza kultur ekitaldia antolatu du larunbaterako, Ozaetan

Topagunea emakume, bollera eta transei zuzenduta dagoela zehaztu du kolektiboak. Ekimenaren helburu nagusiak Covid-19ak eragindako egoera arintzeko, kolektiboa ekonomikoki laguntzea, bultzatzen jarraitzea, gozatzea eta elkar zaintzeko elkargunea izatea dira.

Ureztatu, elikatzen zaituena kanpainaren baitan, Azken Uda Dantza izeneko kultur ekitaldia antolatu du Gasteizko Bilgune Feministak, larunbaterako, irailak 11, Ozaetan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenaren helburu nagusiak Covid-19ak eragindako egoera arintzeko, kolektiboa ekonomikoki laguntzea, bultzatzen jarraitzea, gozatzea eta elkar zaintzeko elkargunea izatea dira. Horretarako, egun osoko kultura egitaraua antolatu dute Garaion Sorgingune espazio autogestionatuan. Ekimena emakume, bollera eta transei zuzenduta dagoela zehaztu dute.

Hala, marianitada batekin emango diote hasiera egunari. Ondoren, Zaunka musika talde bizkaitarra igoko da Garaion Sorginguneko oholtzara. Eguerdi aldera, berriz, bazkaria egingo dute eta Maialen Lujanbio, Oihana Bartra, Paula Amilburu, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Miren Artetxe bertsolariek girotuko dute bazkalosteko tartea. Arratsaldean, berriz, punk karaokearen txanda izango da,  eta egunarekin amatzeko, Tarantistak dj-aren emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

Antolatzaileek kanpaldirako gune bat ere prestatu dute larunbat gauerako eta osasun neurri guztiak bermatuko direla azpimarratu dute.

Zabaldu: