Besteak beste, Los Williams, Arantzazu eta Esto no es Hollywood filmak proiektatuko dira. Nobedadeen artean, publikoak dokumental onenari emango dio sari bat.
Gai sozialak izango dira nagusi urriaren 21etik 25era bitartean Gasteizen antolatuko den Euskal Zinema Dokumentalaren Astean. Hamargarren edizio honetan, euskal profesionalek zuzendutako iazko dokumentalik onenak aurkeztuko dira.
Proiekzioei dagokienez, Arantzazu eta komentu horrek euskal eraikuntza soziokulturalean duen garrantzia; Los Williams familiaren historia, gurasoek etorkizun hobe baten bila Ghanatik ateratzeko bizi izan zuten abenturatik semeek futbolean izan duten arrakastara arte; Chaplin | Espíritu gitano, artistaren herentzia erromaniari buruzkoa, bere familiak berak kontatuta; Esto no es Hollywood, 90eko hamarkadan zineman giltzarri izan zen Ibarretxe&Co ekoiztetxeari egindako omenaldia; eta Muerte en Amara, atentatu batean hildako 20 hilabeteko neskato bati buruzkoa.
Los Williams izango dira inaugurazio-eguneko protagonistak, astelehenean, hilaren 21ean. Raul de la Fuente du zuzendari eta, Iñaki eta Nico Williamsek lehenengo pertsonan kontatutako film luze dokumentala da, familiari eta kirolari buruzkoa. Bi anai, futbolariak, euskaldunak eta beltzak, ghanatarren ondorengoak, euren bizitzako bi urterik garrantzitsuenetan zehar euren historia harrigarriaren berri emango dutenak. Nazioarteko bi izar, beren iragana eta etorkizuna aurrez aurre, beren bizitza markatu duten gatazken bidez: arrazakeria, identitatea, frustrazioa, anbizioa eta arrakasta. Joan den hilean aurkeztu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zinemira sailean.
Jardunaldi bakoitza dokumentalaren aurkezpenarekin hasiko da, ondoren filma proiektatzeko. Vital Fundazioak, erakunde antolatzailea den aldetik, Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria aurkeztu du aurten, 2.000 euro dakarren saria.