Laugarren edizioak Bagare sail berria, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua dakartza.
ICOFF, Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Vital Fundazioa Kulturunera (Bakea kalea 5, 1. solairua) itzuliko da maiatzaren 5etik 10era. Laugarren edizio honetan Ofiziala eta Nazioartekoa sailei Bagare deiturikoa gehituko zaie. Honetan, sail ofizialean sartu ez diren film labur arabarrak emango dira. Halaber, nobedadeen artean, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua izango dira.
Sonia Pacios eta Kepa Sojo arabar zinemagile eta kultura eragileen zuzendaritzapean, jaialdiak Estatu espainiarreko film laburren lehiaketa bat eta munduko zinema jaialdi onenetan izendatutako edo parte hartutako formatu txikiko lan zinematografikoen erakustaldia uztartzen ditu. Edizio honetan 915 lan jaso dira eta epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu Ofiziala sailean aurkeztuko diren 30 film laburrak. Nazioartekoa sailean erakutsiko direnen aukeraketa ere amaitzen ari da.
Ofiziala sailari dagokionez, astelehenetik ostiralera eskainiko dira filmak 19:30ean, sortzaileek beren lanak aurkez ditzaten egingo diren solasaldiekin batera. Sail honetako sariak aukeratzeko epaimahaia honako profesionalek osatuko dute: Norma Vila, bere lehenengo film luzea prestatzen ari den zinema zuzendaria; Miguel Parra, zineman espezializatutako kazetaria eta film laburren zuzendaria; eta Gemma Martinez, zinema, antzerki eta telebistako aktore bilbotarra.
Aukeratutako zuzendarien artean, film luzeak estreinatu dituzten eta noizean behin film laburrera itzultzen diren zuzendarien film laburrak daude, Koldo Akmandoz da horietako bat. Animazio sailean, hautatutako bost filmen zuzendariak emakumezkoak dira, tartean Begoña Arostegui eta Izibene Oñederra.
Bestalde, arabarren presentzia ere nabarmendu nahi izan du antolakuntzak, astelehenetik ostiralera Ofiziala saileko atal bakoitzean emango diren bost film laburren eskutik: Elixabet Nuñezen A-Maniki, Tamara Garcia Iglesiasen Locas del ático, Aitzol Saratxagaren Ehiza, Sonia Estevezen Plazer bat eta Maria Algora eta Mikel Bustamanteren Lo que no se ve.
Bagare eta Nazioartekoa sailak
Laugarren edizio honetan estreinatuko den Bagare sailean, Ofiziala sailean lehiatzen ez diren arren, gai interesgarriak jorratzen dituzten Arabako film laburrak proiektatuko dira. Atal hori maiatzaren 8an izango da, 17:00etan, eta sarrera librea izango da.
Azkenik, Nazioartekoa atalean, beste lehiaketa handi batzuetan saritutako film laburrak eskainiko dira. Amaiera-ekitaldian izango dira ikusgai, maiatzaren 10ean, 19:30ean, jaialdiari amaiera emateko.
Aurtengo nobedadea ICOFF-ARIN atalari hasiera ematea izango da, jaialdian zehar garatuko den bat-bateko film laburren maratoia. Horren emaitzak ostiralean, hilak 9, erakutsiko dira, 17:00etatik aurrera, Vital Fundazioa Kulturunean. Helburua da ikus-entzunezkoen ikasleek eta formatu txikiko zinemaren munduan interesa duten pertsonek parte hartzea.
Maiatzaren 10ean, beste berrikuntza bat izango da: Euskal film laburren merkatua. “Gure lurraldeko formatu txikiko zinemaren topagune izan nahi duen ekimena. Solasaldiak, mahai-inguruak, networkingak eta emanaldiak izango ditu, eta lehiaketaren azken partera joango diren gonbidatuak eta profesionalak harremanetan jartzeko balioko du”.