Gabonetan Jai ekimenarekin batera, IAKk 2026ko Kultura Bonua jarri du salgai.
Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) kulturaren, sormenaren eta partekatutako esperientzien aldeko apustua egin nahi izan du aurten ere, haur eta familientzako jarduera ezberdinak eskainiz. Hala, Gabonetan Jai 2025 programazio berezia aurkeztu du, Gabonetan familian gozatzeko diseinatutako zikloa.
Lazarraga Kultur Elkarteak aurreratu duenez, “aurtengo edizioak proposamen ludiko, artistiko eta parte-hartzaileak izango ditu abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Horien artean, tailerrak, zinema, itzalen antzerkia, eta irudimena eta bizikidetza sustatzeko pentsatutako ikuskizunak”.
Programatutako jarduerak honako hauek izango dira: Negulekuak – Umeentzako kultura-egonaldia (abenduak 26-30); Bertsolekuak- Neguko bertso abentura (abenduak 26-29); Alba Tojo – Eskuz estanpatu. Jolasa eta sorkuntza (urtarrilak 2); Asier Kidam – Smile. Magia ikuskizuna (urtarrilak 2); Itzal Antzerki Laborategia – Elkarrekin ortzimuga amestuz (urtarrilak 3); eta Abentura Erraldoia – Txiki-zinema (urtarrilak 3 eta 4).
Izen-emateak, sarreren salmenta eta bestelako informazioa esteka honetan: https://iak.eus/agenda/ Programazio honekin, IAKk kultura irisgarri, askotariko eta hurbilaren aldeko konpromisoa berresten du, tokiko kultur jardueran erreferentziazko gune gisa duen papera indartuz.
Kultura bonua
Gabonetan Jai ekimenarekin batera, IAKk 2026ko Kultura Bonua jarri du salgai, gabonetan kultura oparitzeko eta Gasteizko gunearen urteko programazioa babesteko gonbidapena. Kultura Bonuak arte biziei lotutako jarduerez gozatzeko aukera emango du 2026 urte osoan zehar, 22 proposamen guztira: kontzertuak, bakarrizketak, bertsoak, ikuskizunak eta antzerkia. Kultura Bonuak 2026an aurreko urteko prezio bera izango du, 70 euro, eta interesatuek IAKko sarreren salmentako webgunean eskuratu ahal izango dute: https://sarrerak.iak.eus/.