Orbel taldea

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak ‘Ingudea, soinuak errementari kaletik’ musika ziklo berria hartuko du

Ostiralean, hilak, 24, abiatuko da zikloa Orbel taldearen eskutik.

Gasteizko Lazarraga Kultur Elkarteak Ingudea, soinuak errementari kaletik musika ziklo berria abiatuko du ostiralean . “Aspaldian errementariak eskuz burdinazko eta  metalezko piezak ingudean lantzen ateratzen zituzten hotsen gisan, Errementari kaleko kulturgunetik, aitzinako burdinola bat balitz bezala, musikaren doinuak entzungo dira”, adierazi dute antolatzaileek. Musika bera izango da ingudea Izaskun Arrue Kulturgunean, eta hortik datorkio izena eta izana zikloari.

“Nortasun bereziko zikloa” izango dela nabarmendu dute elkarteko kideek, izan ere, “mimoz aukeratutako bakarlari edo taldeak izango dira zikloaren protagonistak: musika-proposamen desberdinak, arriskatuak hainbat kasutan eta talentu gazteaz (eta ez hain gazteaz) gozatzeko aukera eskainiko du Ingudeak”. Horretarako, Jon Basaguren musikari profesionala egon da zikloaren aholkulari lanetan. Hilabeteak pasa dira Basagurenekin elkarrizketak eta ideiak pixkanaka lantzen hasi zirenetik, baina azken hilabeteetan forma eta bizitza hartzen joan da zikloa, 2025. urtean argia ikusi arte.

Ziklo honek izango duen iruditeriaren atzean Libe Kortazar diseinatzailea eta artista dago.

Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloaren baitan, honako kontzertuak eskainiko dira:

Urtarrilaren 24an, Orbel izango da taula gainean. Taldea Baionatik dator eta post-rock elektrikoaren esparruan mugitzen dira. Lau kidez osatuta, 2022an argitaratu zuten Lur Hezea diskoa aurkeztuko dute.

Otsailaren 21ean, Silitiaren txanda izango da. Ibai Silicato eta Xabier Barrutia bizkaitarrak daude proiektu honen atzean eta brioche pop bezala definitzen duten musika egiten dute. Estiloei buruz galdetzen badiezu, punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak egiten dituztela esango dute, baina, batez ere, Silitia proiektu poliedrikoa da, etengabe garatzen ari dena, eta urrats bakoitza harrigarria da.

Azkenik, kmartxoaren 28an, Bris ariko da. Iruñetik datorren taldearen kantuetan 80. hamarkadako eraginak nabariak dira: ahots erreberberatuak, gitarra malenkoniatsuak, erritmo kutxak eta sintetizadoreak entzungo dira, besteak beste.

Kontzertu guztiak Izaskun Arrue Kulturgunean izango dira, iluntzeko 20:30etatik aurrera. Sarrerak salgai daude jada iak.eus webgunean. Oraingoz hiru kontzertu programatu diren arren, udaberriko programazioak aurrera egin ahala, kontzertu gehiago iragarriko dituzte zikloaren baitan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna