Etxe barruko botanika zikloa izango da jardueretako bat (argazkia: IAK)

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak udazkeneko programazioa aurkeztu du

Kontzertuak, antzezlanak, tailerrak, lehiaketak, hitzaldiak… eskaintza zabala dakar egitarauak.

Izaskun Arrue Kulturguneak aurrerapauso bat emango du eta udazken honetan maiztasun handiago batekin jasoko ditu kultura-eskaintza, musika doinuak eta euskarazko hitzak. Baita Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik azken bi urte hauetan zain egon diren erabiltzaile, etxeko txiki, familia, euskaldun, gazte, euskara zale eta euskarara hurbildu nahi duen edonor ere.

Lazarraga Kultur Elkarteak iraileko bigarren astean hasi eta urtea amaitu arte, mota askotariko jarduerak antolatu ditu publiko ezberdin ugari euskal kulturara erakartzeko asmoz.

Alde batetik, Petti, Esanezin, Egin Leku deialdiko irabazleen aurkezpen kontzertuak eta Aitzina Folken baitako kontzertuak izango dira.

Antzerkiari dagokionez, Espazioa. Bidaia bat gure baitan eta Metraia (TopAraba 2022 deialdiko irabazleen proiektuak) eta Taulara deialdiko irabazleen aurkezpenak izango dira.

Ikuskizunen artean, Les bobe bobe eta Beatriz Egizabalen bakarrizketa berriaren estreinaldia, Kopla Txapelketako finala eta Hitz esana daude.

Bestalde, ikastaroak eta tailerrak ere antolatuko ditu Lazarragak. Horien artean daude, Literatura-idazketaren hastapenak (Manu Lopez Gasenirekin), Euskaldunentzako Jabetze Eskola (UEUrekin elkarlanean eta Manex Agirrerekin koordinazioan), ZTIAM erronkak (Elhuyarren eskutik).

Lehiaketak eta zozketak

Hizki laburren lehiaketa (Gauekoak programarekin elkarlanean), Taulara: mikroantzerkien lehiaketa eta Liburuen eta diskoen zozketak sare sozialetan ere programatu dira udazken honetarako.

Zuhaitzen ezkutuko bizitza eta Aftersun (Filmazpit) eta Amaren eskuak eta Nora (Euskara Pantaila Handian zikloaren baitan, euskaltegiekin) filmak ere proiektatuko dira.

Guzti honetaz gain, neguko udalekuak, familia jarduerak, aurkezpenak eta hitzaldiak ere jasotzen ditu egitarauak.

Bihar, hilak 11, izango da denboraldi berri honen lehenengo jarduera: Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe sortzaileen Espazioa. Bidaia bat gure baitan antzezlana ikusteko aukera izango da. Oihaneder Euskararen Etxean, 2022. urteko TopAraba deialditik ateratako egitasmoa da hau eta orain Izaskun Arrue Kulturgunean aurkeztuko da. Deialdi beretik atera zen Metraia lana ere aurkeztuko da udazkenean zehar: Josune Velez de Mendizabal, Aitor Vinagret, Beñat Fontaneda eta Ainhoa Imaz sortzaileen diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lanak sortzeko proiektu kolektiboa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna