(argazkia: Korterraza)

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean abiatuko da aurtengo Korterraza jaialdia

Ekainaren 25ean izango da, euskarazko lanak ardatz izango dituen jardunaldi batekin.

Korterraza Gasteiz 16. edizioarekin itzuliko da, berrikuntzak izango dituen egitarauarekin. Aire zabaleko musika eta film laburren jaialdiak egun bateko jarduerak izango ditu eta aurten Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK) hasiko da. Ekainaren 25ean izango da, euskarazko lanak ardatz izango dituen jardunaldi batekin. Egun horretarako film laburren saioa eta mahai-inguru bat antolatu dituzte, euskaraz filmatzearen erronkei buruz hitz egiteko. Bi jarduerak Kultugunearekin elkarlanean egingo dira.

Korterrazak ekainaren 26tik 28ra jarraituko du Artium Museoaren kanpoko ohiko egoitzan, proiekzio eta kontzertuen hiru jardunaldirekin. Gainera, hilaren 28an, eguerdian, jaialdiak kontzertu bat eskainiko du Falerina Lorategian, Montehermoso Kulturunearen laguntzarekin. Abuztuaren 21ean amaituko da Korterraza Gasteizen, Sentsibilizazio saioarekin Artium Museoaren kanpoaldean.

Korterraza Araba

Bestalde, antolatzaileek aurreratu dutenez, “proiekzio dibertigarriak” izango dira ekainaren amaieratik irailaren erdialdera, Korterraza Araban. Parte hartzen duten herrietako ikusleek azken urteko film labur nabarmenen aukeraketa batekin gozatuko dute.

Hala, Araban, Korterraza elkarteak urteko film labur nabarmenenak hurbilduko ditu lurraldeko hainbat herritara eta lehiaketak lau sail proposatuko ditu -Super Seleccion, Komedia, Mix eta Txiki-, herri bakoitzak egokiena aukeratzeko.

Festibalak 8.000 euro inguru banatuko ditu saritan. Aurreko edizioetan bezala, film laburrek sari bat jasoko dute hautaketagatik eta ikusle kopuruagatik. Lehiaketak, gainera, epaimahaiaren eta publikoaren ohiko sariak izango ditu. Sail Ofizialeko film laburrak Alex Angulo eta Keler Sarietarako hautagai izango dira. Publikoak aukeratuko du Laboral Kutxa Saria. Komediarik onenak Grupo Eleyco Saria jasoko du. Haurren sailean, film labur onenek Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Korterraza Txiki Saria jasoko dituzte. Euskarazko lanik onena sarituko dute Bertako Igogailuak-Euskara Sariarekin. Gasteizen, Sensibiliza Sariarekin osatuko da palmaresa. Korterraza Araban, publikoak Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria aukeratuko ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna