Gasteizko Jimmy Jazz aretoak ‘EHan sortua’ online jaialdia antolatu du larunbaterako

Arkada Social, Rotten XIII, Brigade Loco eta The Guilty Brigade taldeak igoko dira oholtzara 17:00etatik aurrera.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoak EHan sortua jaialdia antolatu du larunbat honetarako, ekainak 6. Lau talde bildu ditu horretarako, eta zuzenekoak streaming bidez jarraitu ahal izango dira. “Bueltan gaude berriz ere. Lanean hasteko kristoren gogoa geneukan eta baita monoa ere. Oraingoan zuzenekoek apur bat itxaron beharko dutenez, streaming bidezko jaialditxo hau aurkeztu nahi dizuegu”, adierazi dute antolatzaileek.

“Ezagutzen genuen mundua aldatzen ari da, abiaduraz bizi ginen eta erritmoa eten egin da. Kaleak hustu ziren eta gutxinaka bada ere, berriro betetzen ari dira. Gure arteko harremanak ere aldatu dira eta elkarren arteko zaintza zeinen garrantzitsua den ikasi dugu, gurea dena babesteko distantziak mantentzen ikasi dugu, baina gu ez gara aldatu. Faltan botatzen dugu kontzertu bat hasi aurretik, gure gorputza inbaditzen duen ezinegona, faltan botatzen dugu lehen lerroan egotearen adrenalina, barran besoa jarrita dutenen irribarrea, izerdia, bolumena, gure taupaden azkartzea, zuzeneko musikak sortzen digun extasia, gozamena.” Distantzian bada ere, zuekin jarraitzen dugu. Kulturak bakarrik salba dezake herria!”.

Larunbat honetan, Arkada Social, Rotten XIII, Brigade Loco eta The Guilty Brigade taldeak dira oholtza gainera igoko direnak arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

EHan Sortua jaialdiaren ostean, gainera, streaming bidezko kontzertu gehiago iragarri ditu Gasteizko aretoak. Hala, ekainaren 14an Izaki Gardenak arituko da taula gainean eta hilaren 18an The Dealers eta Red Iron Squad.

Larunbaterako zuzenekoetarako sarrera doakoa izango dela iragarri dute, baina diruz laguntzeko aukera eskaini du Gasteizko Jimmy Jazzek, bakoitzak nahi duena emanez. Diru hori jaialdiko antolatzaileei eta langileei emango zaie.

Zabaldu: