Jaialdiak komediaren munduan ikusezin bihurtutako lanbideak omendu nahi ditu.
Gasteiz umorearen hiriburua bilakatuko da gaurtik 7ra bitartean. Komedialdiak hirugarren edizioa izango du aurten eta antzokiak, kaleak eta tokiko denda txikiak ikuskizun eta komedia jardueren agertoki bihurtuko ditu sei egunetan zehar. Jaialdiak publiko zabalago batera hurbiltzea du helburu aurtengo edizioan. Horretarako, zuzeneko ikuskizunak, bakarrizketak, antzezlanak, kale animazioa, erakusketak eta jardunaldiak izango dira.
Oraingo honetan, Ikusten dena… eta han dagoena. Ikusezinaren indarra izango da gai nagusia eta iceberg baten irudiaren bidez, ikusgarritasuna eta garrantzia eman nahi zaio edozein obra artistikok duen aurretiko lanari.
Zentzu horretan, Ikusezina baina ezinbestekoa jardunaldietan bi mahainguru antolatu dira, eta horietan arrakasta lortzeko bide gogorraz hitz egingo dute, baita fokuetatik kanpo beren bizitza nolakoa den kontatu ere.
2023ko lehiaketara gonbidatutako artisten artean, honako hauek nabarmendu ditu antolakuntzak: Juan Carlos Ortega, Salva Reina, Maribel Salas eta Susana Soleto. Gainera, Belen Nevadok Dejame sola obra estreinatuko du Hegoalden, Carmen San Estebanek De guindas a brevas lana zuzenduko du eta Gorka Aguinagaldek Gasteizko Udal Bandak eskainiko duen kontzertu solidarioa aurkeztuko du, Luis Urduñaren gidaritzapean.
Hirugarren edizio honetan, Inma Arroyo jaialdiaren ohiko kolaboratzailea ere izango da. Aurtengo itxiera ekitaldian, gainera, pertsona zaintzaile ez profesionalei omenaldia egin nahi dietela iragarri dute antolatzaileek, “familian eta gizartean ezinbesteko euskarri lana egiten dutenak; eta, askotan, dependentzia duen pertsona baten zaintzaz arduratzen direnez, ikusezin bihurtzen direnak, gizartetik eta lan bizitzatik desagertuz”.
Egitaraua eta sarrerak komedialdia.com webgunean daude eskuragarri.