(argazkia: Lazarraga Elkartea)

Gasteizko Lazarraga Elkarteak 112.817 euro itzuli beharko dizkio Udalari

Elkarteak tentuz aztertuko du egoera, eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu, baina egitasmoaren egoera oso larria dela jakinarazi nahi die gasteiztarrei.

Lazarraga Kultur Elkarteak “kezka izugarriz eta harridura handiz” hartu du Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakia, elkarteari Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxea proiektua garatzeko emandako diru-laguntzaren zati bat itzultzeko prozedura modu horretan hasi izana, baina, batez ere, eskatutako itzulketa 112.817, 10 eurokoa izatea, hain zuzen ere.

“Ez dugu ulertzen kontu-hartzailearen xedapena, eta dakigunarekin ez gaude ados, jakina”. Kopurua baino ez da ezagutzen, eta gehiegizkoa iruditzen zaio elkarteari. Ez da izan elkartearen ardura kulturgunea martxan jarri ez izana, Gasteizko Udaleko arduradunena baizik.

Elkarteak euroz euro justifikatu du gastatuko dirua, Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako eta izenpetutako Plan Operatiboak ezartzen zuenaren arabera, eta jarduerak ezin badira egin Izaskun Arrue Kulturgunea prest ez zegoelako izan da. Egin izan ez diren jarduera horien dirua itzultzeko, elkarteak ez du inolako arazorik eta aurkeztutako zuriketan 50.487, 48€ itzultzea proposatu zuen, hain zuzen ere. Beste diru guztia, proiektua martxan jartzeko lanetan gastatu da: giza baliabideak, komunikazio planak, webgunea, kudeaketa sistemen ezartzea etab luze bat zuriketaren azalpen txostenean zehatz-mehatz jasota dagoen bezala.

Elkarteko kideek diotenez, “elkarteak egin du bere lana, eta orain Udalak gaizki egindakoak ordaindu behar ditu?”

Arazoari neurria hartzeko eta kontu-hartzailearen argudioak ezagutu ahal izateko, jakinarazpen ofizialaren zain geratu beharko da elkartea.

Bien bitartean, Lazarraga Kultur Elkartearen Talde Eragilearen urgentziazko bilera deitu da gaur arratsalderako, elkartearen egoera aztertzeko eta hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Horrez gain, albistea jaso bezain pronto, proiektuaren Jarraipen Batzordearen bilera eskatu zaio Gasteizko Udalari, eta apirilaren 9an izango den Euskara, Kultura eta Hezkuntza eta Kirol, Osasun eta Lankidetza Batzordean Herritarren Txanda baliatzeko eskaera egin du Lazarraga Kultur Elkarteak.

Amaitzeko, azken asteetan proiektuaren egoeraren inguruko kezka plazaratu dute Euskalgintzako hainbat taldek zein elkarteak, eta “oraingoa bezalako albiste txarrek Gasteiz Antzokiaren egitasmoa kolokan baino, hilzorian jartzen dutela esan beharra dago”.

Lazarraga kultur elkarteak tentuz aztertuko du egoera, eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu, baina egitasmoaren egoera oso larria dela jakinarazi nahi die Gasteizko hiritarrei.

Zabaldu: