Gasteizko Magialdia irailaren 13tik 19ra bitartean egingo da

Hainbat herrialdetako 300 mago baino gehiago izango dira aurtengo edizioan.

Gasteizko Magialdiaren 33. edizioa irailaren 13tik 19ra bitartean egingo da Arabako Ilusionisten Elkartearen eskutik, “2020an, mundu osoan aurrez aurre egindako magia biltzar bakarra izan zen Magialdia. Aurten bere distiraren zati bat berreskuratu du ekitaldiak, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, eta munduko artista onenetako batzuk aurkeztuko ditu, programa zabal eta kalitate handiarekin”, nabarmendu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Jose Angel Suarez Magialdiaren zuzendariak bestetik, programaren berrikuntzak aurkeztu ditu, “Santa Maria katedralak Linterna Magikoan oinarritutako ikuskizun bat hartuko du, magia ibilbideen barruan Villa Sofia sartuko da, eta Amaiera ekitaldia Iradier Arenan egingo da”.

Nazioarteko Magia ekitaldia, Gertuko Magiako Nazioarteko ekitaldia eta Haurrentzakoa Principal antzokian egingo dira. Horietaz gain, magia ikuskizunak izango dira Ignacio Aldekoa kultura etxean eta Atarian, magia ibilbideak hiriaren erdialdean, eta magia emanaldiak erakusleihoetan.

Oholtza gainean izango diren magoen artean, besteak beste, Ricardo Rodriguez (Txile), Jimmy Delp (Estatu frantsesa), Roberto Mansilla (Argentina), Ton Stone (Suedia), Nikola Arkane (Irlanda), Daniel Ketchedjian (Uruguai), Jaana (Alemania), Roberto Giobbi (Suitza), Joaquin Matas (Estatu espainiarra) edota Rafael Scholten (Holanda) daude. Orotara, hainbat herrialdetako 300 mago baino gehiago izango dira.

Aurreko edizioetan bezala, 200 mago, profesional zein amateur, etorriko dira Magialdiaren programa profesionalean parte hartzera; Europa biltzar etxean izango da, irailaren 17tik 19ra bitartean.

Bestalde, Magialdiaren aurretik Magialdiaraba jaialdia egingo da, magia ikuskizunak probintzia osora zabaltzeko asmoz.

Zabaldu: