Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak egitarau oparoa aurkeztu du udazken honetarako

Urriaren 5etik aurrera eta abenduaren 23ra bitartean, mota askotako jarduerak antolatuko dira publiko ezberdin ugari euskal kulturara erakartzeko asmoz: kontzertuak, antzezlanak, ikastaroak, erakusketak…

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak udazkeneko egitaraua aurkeztu du. “Udako egitarauak izandako harrera onarekin indarrak hartu, eta programazio oparoa izango da euskal kulturazaleen opari Oihanederren”, adierazi dute bertako kideek.

Urriaren 5etik aurrera eta abenduaren 23ra bitartean, mota askotako jarduerak antolatuko dira publiko ezberdin ugari euskal kulturara erakartzeko asmoz: kontzertuak, antzezlanak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, familia jarduerak, ikuskizunak, filmak, deialdiak…

Urriaren lehen astean emango zaio hasiera denboraldi berri honi: Hirugarren emaztea film vietnamdarra ikusteko aukera izango da (jatorrizko hizkuntzan, vietnamieraz, euskaraz azpititulatua). Aste berean Leire Etxezarreta arrasatearrak zabalduko du Egin Leku! deialdiko kontzertu sorta.

Egitaraua Oihanederren webgunean eguneratuta egongo dela azpimarratu dute, behin betiko informazioarekin, “gaur egun bizi dugun egoerak sortzen dituen azken orduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira honenbestez. Aldi berean, jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa datak heldu ahala jakinaraziko da”.

Bestalde, “ematen duenez pandemia honek eragindako neurrietara ohitzen joan beharko da Oihanederren ere, eta luzaroko kontua izango dira bai musukoa, bai aretoen edukiera mugatua. Beraz, udazkenean zehar indarrean jarritako neurri eta arau ezberdinekin jarraitzea ezinbestekoa izango da”, adierazi dute.

Honi lotuta, udazkeneko programazioko jarduerak doakoak izanik ere (Hezi-Ola ez beste guztiak), gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota Bibe plataformaren bidez eskuratuta). Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira gonbidapenak eskuragarri.

Zabaldu: