(argazkia: Gasteizko Udala)

Gasteizko Principal Antzokiak ateak itxiko ditu ‘Udako Oroimenak’ kontzertuarekin

Fernando Velazquez konpositoreak zuzendutako eta egokitutako ikuskizuna eskainiko dute hilaren 31n, 20:30ean. Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Iñigo Etxezarreta eta Josune Arakistain abeslari eta musikariek hartuko dute parte orkestrarako egokitutako ikuskizun honetan.

Gasteizko Principal antzokiak ateak itxiko ditu egun batzuk barru zaharberritze-lanei hasiera emateko. Aurretik, baina, agur esan nahi diote eta Udako Oroimenak zuzeneko berezia eskainiko dute bertan. Uztailaren 31n izango da, arratsaldeko 20:30ean. “Kontzertu honen helburua da Gasteizko eraikin honi, herritarrei eta kultura-eragileei nolabaiteko omenaldia egitea”, azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.

Agertokian topaketa magikoa lortu nahi dutela gaineratu du zinegotziak, elementu eta osagai garrantzitsuak bilduko dituena: “euskal artistak izatea, kalitate handia izatea, publiko mota guztientzat erakargarria izatea eta zirraragarria izatea. Une gogoangarria sortu nahi genuen, ez bakarrik eraikin honentzat, baizik eta hiriko kultura eszenikoarentzat eta antzoki hau beti txaloz bete duen publikoarentzat”.

Hain zuzen ere, baldintza horiek betetzen ditu Udako Oroimenak ikuskizunak. Bertan, abesti ezezagunak eta Fernando Velazquez konpositore eta kontzertuaren zuzendariak egokitutako klasikoak entzuteko aukera izango da. Gainera, lau bakarlari berezik hartuko dute parte: Iñigo Etxezarreta (ETS), Idoia Asurmendi abeslari, konpositore eta musikaria, Eñaut Elorrieta eta Josune Arakistain Süne. Musikari hauekin batera, “mimo handiz” aukeratutako ia 50 euskal musikarik osatutako orkestra izango da oholtza gainean.

Sarrerak salgai daude Principal Antzokiaren webgunean eta leihatilan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna