(argazkia: Sancho el Sabio Fundazioa)

Gasteizko Sancho el Sabio Vital Fundazioak Jesus Guridi konpositorearen artxiboa jaso du

Guridi Lana sendiak Jesus Guridiri buruz emandako dokumentazioan honako hauek biltzen dira: gutunak, familiako eta lanbideko argazkiak, partiturak, agendak, liburuxkak, postalak… Haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak erakusten du material guzti honek.

Jesus Guridi Bidaola (Gasteiz, 1886 – Madril, 1961) Florida kaleko 36. zenbakian jaio zen eta musika obra zabala utzi zuen, genero guztietako: instrumentala, korala, opera, zarzuela, kamera eta organoko musika, etab., tartean Mirentxu, Amaya eta El Caserío bezalako lanak, baina baita horren ezagunak ez diren eta kalitate bera duten beste hainbat ere, musikaz, oro har, eta euskal musika tradizionalaz, zehazki, zuen ezagutza oparoa agerian utzita. Gasteizek etengabeko aitortza eta oroitzapena eskaini izan dio konpositoreari. Halaxe erakusten dute 1986an haren jaiotzaren mendeurrenaren harira egindako ospakizunak, kale batek haren izena izateak edo hiriko goi mailako musika heziketarako erakundea den Jesus Guridi Kontserbatorioaren izenak.

Haren musika ondarea hainbat erakundetan banatuta dago: Eresbilen, Espainiako Liburutegi Nazionalean, Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioan, Autoreen Elkarte Nagusian edota Fonoteka Nazionalean. Era berean, Sancho el Sabio Vital Fundazioak konpositorearen erreferentzia ugari bildu izan du urteetan zehar, bai partitura musikalen egile gisa, bai omenaldiekin, biografiekin edo teoria musikalarekin lotutako obra eta azterlanen egile gisa. Bere artxiboetan, gainera, hainbat euskarritako musika-grabazioak daude.

Haren semeetako batek, Javier Guridik, Donostiako bere etxean gordetzen du familiaren dokumentazioaren zati bat. Horrek duen interesaz jabetuta, eta artxibo eta erakunde publikoetan dagoen informazioaren osagarri gisa, erabaki du Gasteiz izatea, alegia konpositorea jaio zen hiria, horren azken helmuga, eta Sancho el Sabio Vital Fundazioa erakundea aukeratu du hori kontserbatzeko eta zabaltzeko.

Guridi Lana sendiak Jesus Guridiri buruz emandako dokumentazioan honako hauek biltzen dira: gutunak, familiako eta lanbideko argazkiak, partiturak, agendak, liburuxkak, postalak… haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak erakusten dituzte denek. Sancho el Sabio Vital Fundazioak katalogo inbentario bat egin du dagoeneko: deskribatutako eta digitalizatutako 254 erreferentzia, horren webgunean kontsultatu ahal izango direnak: www.sanchoelsabio.eus.

Zabaldu: