Urania Ducajuren 'Estar viva me grita'

Gasteizko Scratxe gaua Baratza aretora eta Artium Museora iritsiko da irailaren 19tik 21era

Edizio berri honetan, iazkoan aukeratutako piezetako baten estreinaldia eta aukeratutako ikuskizunen maratoia izango dira.

Irailaren 19tik 21era bitartean, Scratxe gauaren 19. edizioa atondu dute Gasteizen. Arroxbola Sormen Kolektiboa eta Baratza aretoa dira ekimenaren antolatzaileak, eta bertako kideek azaldu dutenez, “prozesuan dauden lan eszenikoak aurkezten dituen programazio alternatiboa da ekimena; ideiak probatzeko, esperimentatzeko eta ikusleen erreakzioa eta iritzia aztertzeko. Feedback hori oso aberasgarria da beti bi aldeentzat, eta proiektuaren helburu garrantzitsua”.

Hala, aurten, iazko edizioan aukeratutako piezetako baten estreinaldia eta oraingoan aukeratutako ikuskizunen maratoia izango dira. Gainera, publikoarekin izandako elkarrizketarekin batera, igandean publikoari irekitako bitartekaritza-jarduera bat egingo da, sorkuntza-prozesuetan sakontzeko.

Maratoia

Egitarauari dagokionez, ostiralean, irailak 19, hasiko da ekimena artista guztien harrerarekin eta Urania Ducajuren Estar viva me grita estreinaldiarekin, Arroxbolarekin koprodukzioan. “Arte bizietako pieza da eta ikus-entzunezko hizkuntza dantzarekin eta poesiarekin nahasten du”. Honetan, haurtzaroko mina, zentzuaren galera, gaixotasuna eta historia pertsonala gorputzetik kanporatzeko saiakera aztertzen dira.

Larunbatean, irailak 20, edizio honetarako aukeratutako sei piezak taularatuko dira. Ondoren, ikusleen eta konpainien artean hainbeste itxarondako solasaldiaren txanda iritsiko da. Aurora & Clararen Desperté y todo era blanco arte bizien, instalazio bisuala eta soinuaren proiektua da, eta ekintza performatiboaren bidez aktibatzen da. Bertan, esnaldian -loaren eta errealitatearen artean- bizitzeko espazio bat aurkitzen saiatuko dira.

Se abre el telón y cae el del medio, berriz, Damian Montesdeocaren hitzaldi performatibo bat da.

Candela Garaziren Serie para la preparación del intento antzerkiaren eta performancearen arteko pieza bat da. Izateko saiakera jorratzen du, izatea jada naturala ez denean, baizik eta ikasia.

Ane Arrugaeta eta Clau_topiaren Ixalak poesia, musika eta mugimendua nahasten dituen lana da. “Zer gertatzen da denbora hitza gorpuzten duen lekuan? Nola deskribatu gorputz bat hitzak erabili gabe?”.

Lara Brown & Amalia Ruiz-Larrearen Los trabajos del amor performance bat da, itxaronaldia muinean jartzen duena. Emakumeen arteko intimitateari buruzko elkarrizketa. Literaturaren bidez elkar ezagutzen joan diren bi pertsonen arteko urruneko kontakizuna.

Pablo Zamoranoren El primer tacto piezaren helburuak dira bizidunek hildakoekin dituzten erlazioak gorpuztea, agertzea ahalbidetzea, keinu, bibrazio eta tentsio gisa inskribatzea.

Azkenik, eta nobedade gisa, irailaren 21ean, igandea, Gesto Leer Scratxe laborategia izango da. Honetan, Idoia Zabaletak sormen-prozesuetan sakontzeko lan-saio bat eskainiko du, Scratxe gauako artistekin eta publiko parte-hartzaileari irekia. Horrela, bi helburu bete nahi dira: alde batetik, sormen-prozesuak iragazkor bihurtzea, eta, bestetik, eszena-sorkuntza garaikidearen ertzak publiko orokorraren eskura jartzea.

Scratxe Gauerako sarrerak eskuragarri daude jada https://salabaratza.com webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna