Gastronomia, kultura, krisiak, desgaitasuna eta historia, Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren Astean

Urriaren 21etik 25era  bitartean lau film luze eta hiru labur eskainiko dira.

Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak bere bosgarren urtea beteko du aurten, Euskal Herriko profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketa jendaurrean erakutsiz, baita emanaldien ostean solasaldi interesgarriak eskainiz ere. Vital Fundazioak antolatua, film labur dokumentalei emandako eguna izango du aurten, berriz ere. Emanaldiak 20:00etan izango dira, Gasteizko Fundazioaren Kulturunean, eta sarrera dohainik da.

Datorren urriaren 21ean emango diote hasiera Euskal Zinema Dokumentalaren V. Asteari eta antolatzaileek iragarri dutenez, “gai anitz bezain erakargarriak barne hartzen dituen programazioa” izango du: gastronomia, kultura, krisiak, desgaitasuna, historia, e.a.

Ekimenak lehen Euskal Zinemaren Aste tradizionalak barne hartzen zuen genero bati eman nahi dio lekua. “Gaurkotasunak eta kalitateak eman diote protagonismo propioa ziklo horri”. Dokumentalaren aurkezpenarekin ematen zaie hasiera jardunaldiei, gero, dokumentalaren emanaldia dator eta, amaieran, ikusitakoari buruzko solasaldi-eztabaida egiten da. Ikusleek solasaldi horietan parte hartzeko aukera izango dute.

Astelehenean emango diote hasiera zikloari. Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte zuzendari dituen Bihar Dok 13 lanaren emanaldiarekin. Basque Culinary Center-en kokatuta, mundu osotik etorritako abangoardia gastronomikoko zenbait ikaslek iraganerako bidaia bat egingo dute, Bihar dok 13 menua sortzeko.

Asteartean, urriak 22, Oier Aranzabalen Margolaria lanaren txanda izango da. Zinta horrek Mikel Urdangarin musikariak Londonera egin zuen bidaia erakutsiko digu.

Asteazkenean, urriak 23, film dokumental laburrei emandako eguna izango da. Hiru fil proiektatuko dituzte, denak, Kimuak programako katalogokoak dira. 592 metroz goiti lana 90eko hamarkadan Itoizko urtegiaren eraikuntzari buruzkoa da; Ancora lucciole, Pier Paolo Pasolini-ren erailketaren gainekoa, 1972an; eta Kafenio kastello’ Atenasen, krisialdian, amore ez emateko nahiari buruzkoa.

Ostegunean, urriak 24, Antonio Díaz Huertaren Gallo dokumentala proiektatuko dute. Desgaitasunari buruz dihardu lan horrek. Aitorrek glaukoma kongenitoa du jaiotzatik.

Astearekin amaitzeko, ostiralean, hilak 25, Josu Martínezen Jainkoak ez dit barkatzen’ lanaren txanda izango da. XX. mendeko euskal historian funtsezko pertsona izan zen Lezo Urreiztietaren historia kontatuko du.

 

 

Zabaldu: