(argazkia: Taupaka)

Gatom rap abeslariak ‘A’ diskoa kaleratu du

Rap, reggae, afrobeat, dancehall eta drill estiloak uztartzen ditu zazpi abestiz osatutako lan berrian.

Gatom rap abeslari bermeotarra 2010. urtean murgildu zen musika munduan eta urte horretako amaieran bertan, bere lehenengo maketa aurkeztu zuen jada. Handik aurrera, hainbat lan argitaratu ditu euskaraz eta gaztelaniaz.

2015 eta 2016. urteetan, esaterako, Esnea hil gazta tiro pun eta Kostako Vibes izeneko diskoak argitaratu zituen. 2018ko hasieran, berriz, Kostako Vibes – Binomio izeneko lana plazaratu zuen, une horretara arte jorratutako estiloa guztiz aldatuz eta rap eta reggae doinuetan murgilduz. Handik eta zortzi hilabetera, lau abestiz osatutako Bueltan gatoz disko laburra kaleratu zuen. Honetan ere rap eta reggae doinuak uztartu zituen Bermeoko abeslari gazteak. 2019ko urrian, Euskalskillz izeneko lana argitaratu zuen, euskaki + skills (habilezi) hitzekin osatutako hitz-jokoaz baliatu zen diskoa izendatzeko eta jamaikar soinuekin jolastuz, dancehall eta reggae erritmoak uztartu zituen.

Bermeoko rapero gaztea ez da geldirik egoten den horietakoa, 2020ko itxialdian Konfitamientue albuma ere kaleratu zuen eta iaz Bass Country izeneko disko laburrak ikusi zuen argia.

Gaurkoan, berriz, A izeneko diskoa aurkeztu du rap abeslariak Taupaka Elkartearekin. Lan berria Mauritanian zegoela grabatu eta nahastu zuen. Gatomek berak azaldu duenez, “A izena jarri diot letra abiapuntu bezala ulertuta; bide berrien sorrera eta bide zaharren birsorkuntza bezala”.

Zazpi abestiz osatutako lan berri honetan, “sortzaileak harrapatu egiten gaitu berriro ere rap, reggae, afrobeat, dancehall eta drill bezalako estilo desberdinak uztartuz, genero musikal desberdinetatik bidaiatzera gonbidatuz”, azaldu du Taupaka Elkarteak. “Espero den moduan, lanak erritmo eta soinu afrikarren eta dancehall jamaikarraren influentzia du, Gatom hainbeste ezaugarritzen duena, den dena gai sozialez hitz egiten dituzten letrekin nahastuz”.

Zabaldu: