Azken sei hilabeteotan 774 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian.
Euskaltzaindiak 774 forma berri jaso ditu bere hiztegian (265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia) azken sei hilabeteotan. Horretaz gain, 1.635 forma zuzendu edo osatu ditu. Eguneratze horrekin, 52.091 forma jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar.
Euskararen akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. Oraingo honetan, 2025eko lehen eguneratzean eginiko lanari eutsi eta sukaldaritzaren atala osatu da, ardogintza eta hazkurri-kontuak gehituz Euskaltzaindiaren Hiztegiari.
Hona hemen adibide batzuk:
- sukaldaritzakoak: farfalle, tallarin, txipiroi(-)tinta, zainzuri fresko, gazta ondu/erdiondu/ketu, Idiazabalgo gazta, Erronkariko gazta, Ossau-Iratiko gazta, saltsa bizkaitar, saltsa beltz, saltsa napolitar…
- ardogintza: albariño, beaujolais, chardonnay, somontano, armagnac, orujo, erreserbako ardo, mahaiko ardo, meza(ta)ko ardo, Nafarroako ardo, Errioxako ardo, errioxa, Getariako txakolin…
- hazkurri-kontuak: txotx(-)garai, zabor(-)jan, nutrizioaren piramide, opil industrial, katalintzar…
Horrez gain, corpusetatik, hiztegiko adibidetegiko hitz-konbinazioetatik, beste batzordeetatik edo erabiltzaileen eskaeretatik jasotako formak ere sartu dira hiztegian. Besteak beste, amigdalitis, asperger, autolisi, ehem / ejem, meme, somnanbulu, airean ibili, airean erabili, altzairu herdoilgaitz, ariketa fisiko, aztarna ekologiko, bazterketa sozial, errealitate birtual, Gau Beltz, ito(-)pasada, kuku bat egin, kolpe zorririk ez jo, Ostiral Beltz, kaleko arropa, laneko arropa, lanaldi oso, lanaldi partzial, mahaipetik txistu…
Testuliburuen azpicorpusa lantzen dihardu orain lantaldeak, DBH eta batxilergoko lexikoa hiztegian islatzen den ikusteko. Biologiako atala ageri da eguneratze honetan (hurrengoan landuko dira beste arloak): aldaketa genetiko, animalien zelula, arbaso komun, guruin endokrino, botox, eboluzioaren teoria, exokrino, karbono-14, mutageno…
Azkenik, lehendik utzitako formak ere gehitu dira, erabilerak egiten zuen bidea ikusteko utziak zeudenak. Tartean, altsi bat bizk., apoplexia med., eguerdi on, etxe(-)jira, etxe(-)buelta Heg., familia ugari, galvanometro, ganorabakokeria bizk., gatzbako bizk., gibel egin Ipar., haluzinagarri, makiaveliko, zokomiran, zer suma…
Fintze-lana
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak beste behin azpimarratu du lantaldeak etengabe jarraitzen duela hiztegia handitzen, baina, batez ere, « berrikusten, osatzen eta hobetzen”. Zentzu honetan, Urkiak esan du “fintze-lana” izan dela seihileko honen ardatz nagusia: “aditz-erregimena berrikusi dugu, azpisarreretako definizioak, sarreretako gramatika- eta adiera-oharrak, adibiderik gabeko adierak, taxonak, etab. berrikusten jarraitu dugu. Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu -gaineratu du euskaltzain osoak-, baina lehendik genuena berrantolatu, osatu, zuzendu, azken batean hobekuntza-lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita”. Forma berriei dagokienez, dagoeneko oinarri sendo samarra dagoela azpimarratu du Urkiak, “gero eta espezializatuagoak baitira corpusek bueltatzen dizkiguten hitz ezezagunak. Horregatik, lehendik ditugunen adierak osatzeak ere zenbakitan ez, baina edukia fintzen laguntzen du”.
Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2025eko lehen seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.