Solasaldi berezia egingo da urriaren 29an, Donostiako San Telm Museoan, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan. Gau Beltzaren prestatzeko materiala irekian dago gaubeltza.eus webgune berrituan.
Santu guztien egunaren bezperako ospakizuna da Gau Beltza, arbasoen oroitzapena eta neguaren hasiera uztartzen dituena. Aspaldikoa da jaia Euskal Herrian, baina azken hamarkadetan, kultura globalaren eraginak ohitura zahar askoren galera ekarri du. Hori dela eta, eta zenbait herritan jada usadio horren (ber)interpretazioari esker komunitateak aktibatzen hasita zaudela ikusita, Taupak Euskaltzaleen Mugimenduak (lehengo Euskaltzaleen Topagunea) 2018an abiatu zuen Gau Beltza berreskuratzeko proiektua, “gure kulturaren adierazpen propio gisa” berritzeko eta eguneratzeko asmoz.
Ordutik hona, jaia azkar hedatu da: gaur egun Euskal Herriko 70 auzo, herri eta hiri baino gehiagotan ospatzen da, neguaren etorrera iragartzeko eta komunitatea sendotzeko une bihurtuta. Besteak beste, hiriburu nagusietan, Bermeon, Ondarroan, Eibarren, Donostian, Astigarragan, Errenterian, Lezon, Mutrikun, Aramaion edo Zuian antolatzen dute Gau Beltza.
Interes horren adierazle da ere, urtero Taupak antolatzen dituen formazio saioetan parte-hartzen duten herrietako ordezkarien gorakada: “Gau Beltzak heriotzarekiko hurbilketa soziala egiteko ematen duen aukeraz hitz egiteko tartea izan genuen Nere Erkiaga Hil arte Bizi elkarteko kidearekin eta Edurne Mitxeo idazlearekin, eta 130 pertsona bildu zuren formaziora”, adierazi du Andoni Urzelai Taupako ohiturak Biziberritzen proiektuko koordinatzaileak.
Formazioaz gain, Gau Beltzaren prestaketa lanetan laguntzeko, Taupak gaubeltza.eus webgunean beharrezko material guztia nahi duen orok erabiltzeko moduan jarria dauka. “Aurten bertan berritu dugu webgunea eta sartu eta begiratzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Gau Beltzaren jatorria eta dokumentalak ez ezik, Ikastolen Elkartearekin batera aurtengo ikasturtera begira prestatutako unitate didaktikoa topatuko dituzte bertan”, gaineratu du Urzelaik.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
Gau Beltzaren atarian, ospakizunari lotutako beste hitzordu interesgarri bat ere izango da, aste honetan bertan. Izan ere, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. astearen baitan, Taupak, Donostiako San Telmo Museoak eta zinema-astearen antolatzaileek solasaldi berezi bat antolatu dute elkarlanean, urriaren 29an, 18:00etan, museoan bertan.
Bertan, hiru hizlari izango dira: Aritza Bergara idazle eta mitologian aditua, Izko Lekuona Altzako Bizarrain elkarteko kidea eta Nekane Martiarena hezitzaile oiartzuarra. Euren esperientziatik abiatuta, Gau Beltzaren jatorriaz, esanahiaz eta gaur egungo garrantziaz ariko dira. Ekitaldia doakoa eta herritar guztiei irekia izango da.
Santu guztien egunaren bezperako jaia munduko herrialde gehienetan ospatzen da, bakoitzak bere erara: anglosaxoiek Halloween deitu diote, Latino Amerikan Hildakoen Eguna, eta gurean Arimen Eguna izenez ezagutua izan da historian. Globalizazio kulturala sakondu ahala, herrialde indartsuen eraginak itzal egin dio tokian tokiko ohiturei; horren aurrean, Gau Beltza berreskuratzea transmisio eta nortasun ariketa bihurtu da.
Urzelaik gogorarazi duenez, “gerora izateko, ginena gaurkotu eta etorkizunera transmititzea dagokigu; zor diegu ahalegin hori etorriko diren belaunaldiei”.