Ikastaroa irailaren 4an izango da Baionan, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Matrikula zabalik dago jada.
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, Gau beltza (Arimen Gaua) ospakizuna lantzeko ikastaroa antolatu du. “Badira urte batzuk globalizazioaren ufadaz Halloween ospakizuna zabaltzen ari dela Euskal Herrian. Ospakizun hori Domu Santu bezperan ospatzen da, urriaren 31ko gauean”, azaldu dute antolatzaileek. Azken urteotan, baina, beste ikuspegi batez antolatzen ari da ospakizuna, Gau Beltza edo Arimen Gaua ardatz harturik. Izan ere, Domu Santu egunaren bueltan erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman eta bide bazterretan argiztatuta ipintzen zireneko kontakizunak badira. Haur eta gaztetxoentzat bereziki, erakargarritasun handia duten ospakizunak dira.
Itzalitako kalabazen berpiztea (Altuna & Ozaita, 2018) lan etnografikoa oinarri hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak ospakizuna herrietan antolatu nahi dutenentzako baliabideak eskuragarri jarri nahi ditu. antolatzaile eta parte-hartzaile gaztetxoen esperientziak jasota. Hala, formakuntza saio honetan, bidean ikasitakoa denon eskura jarri nahi da.
Ikastaroa irailaren 4an eskainiko dute Baionan eta 09:00etan hasi, eta arratsaldeko 17:00etara arte luzatuko da. Izena emateko epea irailaren 4ra arte egongo da zabalik. Ikastaroaren inguruko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke.