Sarai Robles kanturako prest 34. Bertsoaroko II. Bertso Jaialdia (argazkia: Bertsozale)

Gaur abiatuko da 2026ko Bertsoaroa Iruñean

Zikloak bi bertso-jaialdi, bertsolari gazteen emanaldiak, bertso-saio elektroniko bat, bertso literarioen saio bat, haurrentzako lantegi bat eta programari amaiera emango dion bertso-afari bat hartuko ditu.

Bertsoaroaren 35. edizioa ate joka dugu Iruñean. Gaur bertan hasi eta martxoaren 12ra arte luzatuko da aurtengoan. Tartean, zazpi jarduera izango dira, hiriko hainbat espaziotan, “bertsolaritzak Iruñean duen indarraren erakusgarri”.

Hauek dira proposatzen diren ekitaldiak: bi bertso-jaialdi, bertsolari gazteen emanaldiak, bertso-saio elektroniko bat, bertso literarioen saio bat, haurrentzako lantegi bat eta programari amaiera emango dion bertso-afari bat; agertokiak, berriz, honako hauek izango dira: Kondestable Civivoxa, Iturramako Civivoxa, Nafarroako Antzerki Eskola, LABA, Salestarrak zentro komunitarioa, Katakrak eta Herriko Taberna.

Ziklo honetan, bertsolari gazteak zein ibilbide luzekoak bilduko dira. Jarduera guztiak doan izango dira, zikloa amaitzeko egingo duten bertso-afaria izan ezik, eta sarrera librea izango dute (edukiera bete arte), salbu eta otsailaren 27an egingo den haurrentzako bertso-lantegietan, azken horretan aldez aurretik eman beharko da izena nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzita edo 948 14 37 47 telefonora deituta.

Bertso tramarekin abiatuko da 35. edizioa

Iratxe Legarra eta Patxi Bueno arduratuko dira Bertso traman gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipia, Idoia Granizo, Izaro Bilbao, Jabi Lezaun eta Lide Goenaga bertsolariak. Gaur, otsailak 3, izango da saioa, Kondestable Civivoxean, 19:00etan.

Hurrengo hitzordua ostegunean izango da, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (San Agustin kalea 3). I. Bertso-jaialdian Eki Mateorena, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Maider Arregi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi arituko dira bertsotan, eta Ander Aranburu izango da gai-jartzailea. Saioaren hasieran Iruñeko IV. Bertsopaper Lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldia egingo da. Olaia Leitza, Beñat Anbustegi, Asier Vizcay, Alazne Untxalo, Eider Azkoaga eta Xabi Maia izango dira sarituak.

Itzali eta Piztu bertso-saio elektronikoa izango da hirugarren proposamena: otsailaren 12an egingo da, 19:00etan, LABAn (Gazteluko plaza). Aner Peritz eta Manex Pagola musikarien planteamendu musikal berritzaileak zuzeneko musika elektronikoaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa du abiapuntu. Ainhoa Larretxeak jarritako gaien haritik tiraka, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua bertsolariek orain arte zerikusirik izan ez duten bi diziplina horiek malguki eta libreki hezurmamitu eta interpretatuko dituzte, baita haien inguruan hausnartuko ere.

Hurrengo ostegunean, otsailak 19, II. Bertso-jaialdia izango da 19:00etan, Txantreako Salestarrak zentro komunitarioan (Iruñerria kalea 24). “Punta-puntako eta askotariko profilak dituzten bertsolariak arituko dira agertokian: ibilbide luzea edo motzagoa dutenak, nafarrak eta beste leku batzuetakoak bilduko ditu jaialdiak, gaur egun bertsolaritzak duen irudiaren erakusgarri”, adierazi du antolakuntzak. Aitor Etxebarriazarraga, Aroa Arrizubieta, Eneko Lazkoz, Sahats Karasatorre, Maddi Ane Txoperena eta Nerea Ibarzabal izango dira bertsolariak, eta Alaitz Rekondo gai-jartzaile arituko da.

Hezur berriak literatura errezitaldia

Zikloak otsailaren 16an izango du jarraipena 19:00etan, bertsoz osatutako Hezur berriak literatura errezitaldiaren bitartez. Katakraken izango da emanaldia (Kale Nagusia 54), Alaia Martin, Maialen Akizu eta Ane labaka bertsolarien eta Ines Osinaga musikariaren eskutik. Labakak Hezur berriak poema-liburua argitaratu zuen 2025ean: haurdunaldian eta erditu ondorengo lehen hilabeteetan idatzitako testuen zatiek osatzen dute. “Errezitaldia amatasunaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea da, ama diren bi bertsolari horiekin batera askotariko ikuspegiak uztartzen saiatze aldera. Saioan aukerako poemen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoak aldizkatuko dira”.

Hurrengo egunean, otsailaren 27an, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako bertso-lantegia egingo da 17:30ean, Iturramako Civivoxean: Bertso jasa, bat-bateko jolasa du izena, eta Kattin Madariagak eta Xabier Terrerosek eskainiko dute. “Normalean helduentzako bertso-saioak izaten dira nagusi bertsolaritzan, eta esaldiak, lexikoa, gaiak eta komunikatzeko modua ere haiei zuzenduta egoten dira; Bertso jasa, bat-bateko jolasa, berriz, haurrei eta gazteei zuzendutako bertso-saioa da. Jolas eta jardueren bidez haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta, horren harira, emanaldia osatuko dute bertsolariek”.

Zikloari amaiera emateko, martxoaren 12an, 20:30ean, bertso-afaria egingo da Herriko Tabernan (Carmen kalea 34). Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi eta Onintza Enbeita arituko dira bertsotan, eta Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira gai-jartzaileak. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna