Gaur abiatuko da Feministaldia Donostiako Tabakaleran

Astelehen eta asteartean tailerrentzako tartean izango da, eta asteazkenetik hasita, hitzaldi, mahainguru, emanaldi, irakurketa eta abar izango dira.

Urtero bezala, egungo errealitateari lotutako jaialdia pentsatu eta sortu nahi izan dute Plazandreok plataformako kideek, aurten, ukaezina den pandemia egoerari begira jarrita. Horretarako, gaurtik hilaren 19ra arte 30 sortzaile feminista baino gehiago bilduko dituzte Feministaldian, Kutsatu lelopean. Hala azaldu du jaialdiko koordinatzaile Leire San Martinek: “Badakigu ez dela urte erraza izaten ari eta, akaso, horregatik ezinbestekoa da feminismoetatik eta sorkuntzetatik, bizigarria izango den beste mundu bat irudikatu eta eraikitzea”.

San Martinen arabera, “garai distopikoak bizi ditugun arren, non kutsatzea beldur handiena bilakatu zaigun, aldarrika ditzagun elkar-kutsatzeko beste modu eta eduki batzuk. Kutsatu eta deskutsatu ditzagun pentsamendua eta gorputzak eta ez diezaiogun uko egin utopiak sortzeari”.

Pasa den azaroaren 13an, hitzaurrea izan zuten antolatzaileek Marina Garces eta Remedios Zafraren Pentsamendua deskutsatu mahainguruarekin. Hala, datozen egunek ideia horietan sakontzen jarraitzeko helburua dutela azaldu du jaialdiko koordinatzaile Laura Muelasek. Hitzaurrean abiatutako bidea jarraitu nahi dugu, kolektiboki eta ikuspegi feministatik, bizi dugun garai distopikoaren irakurketak eginez”.

Horretarako, gaurtik hasi eta larunbatera arteko egitarau zabala aurkeztu dute. Astelehen eta asteartean tailerrentzako tartean izango da. Asteazkenetik aurrera, berriz, hitzaldi, mahainguru, emanaldi, irakurketa eta abar izango dira, besteak beste, Yayo Herrero, Ana Lauara Alaez, Lidia Garcia, Arrate Hidalgo, Ainhoa Nadia Douhaibi, Ana Amalndoz, Ula Iruretagoiena, Michela Lamedica edota Haizea Barcenilla bezalako pentsalari eta sortzaileen eskutik.

Tabakalerarekin elkarlana

Iaz, antolakuntzak deszentralizazio apustua egin eta Tabakaleraz gain, hiriko beste esparru batzuetara ere zabaldu zuen jaialdia. Aurten, jaialdi osoa Tabakaleran egingo da, ia gehiena Patioa espazioan, baina baita Zinean ere.

Tabakalerako kultura zuzendari Clara Monterok elkarlana azpimarratu du, zehazki, bi jarduera antolatu dira elkarlanean: Hiru begirada. Hiru pasarte. eta Musika, dena eta eszena-ren barnean, Sandra Cuesta eta Myriam RZM-ren kontzertua.

Osasun neurriak direla eta, aurten aldez aurreko izen-ematea egin behar izan da, eta ia ekimen guztiak bete dira oso denbora gutxian. Hala ere, oraindik lekua dauden ekimenetan izena emateko deia egin dute antolatzaileek eta baita itxaron zerrendak egongo direla iragarri ere. Jaialdia streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da.

Zabaldu: