Hilaren 16ra arte performanceak, kontzertuak, hitzaldiak eta mahainguruak izango dira Tabakalera zentroan.
Plazandreok kolektiboak Feministaldia antolatu du, baina, urtero bezala, abenduan izan beharrean, gaur hasi eta azaroaren 20ra arte egingo da. Hamaseigarren edizio honetan, Sismika leloak markatuko du jardunaldien haria.
Azken hamabost urteetan egin den bezala, egun kultura feministari lotuta dauden ahotsen, sorkuntzen eta diskurtsoen elkargune izan nahi du Feministaldiak. Sismika leloa oinarri hartuta, emakumeen bizitzek eta gorputzek jasaten dituzten dardara bortitzei erreparatu nahi diote. “Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak: eta ez dute zerikusirik bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan”, azaldu du Leire San Martin Feministaldiako koordinatzaileak. Irudia ere, leloari lotuta, enkarguz egin du Raisa Alavak, eta “ondo baino hobeto” jaso du esentzia.
Egitarau oparoa
Aurten ere egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek. Hitzaldi, mahainguru, kontzertu eta performance-en artean, 30 artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, eta bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua: Val Flores idazle eta aktibista; Huelvako Jornalerak Borrokan; Laura Macaya eta Nuria Alabao, Alianzas Rebeldes. Un feminismo más allá de la identidad argitalpeneko partehartzaileak; Euskal Herriko Neska Gazteak; Beatriz Herraez, Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernandez; Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariak; Maialen Sagues militante antiespezista; Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleak; eta Paloma Chen kazetari, aktibista anti arrazista, poeta eta idazlea, besteak beste.
Jaialdi osoa Donostiako Tabakalerako hainbat gunetan izango da: Patioan, Zinean, Plazan eta Z aretoan. Feministaldiak eta Tabakalerak bi jarduera antolatu dituzte elkarlanean: azaroaren 16an, 19:30ean, Kearen Artxibogileek Historia astinduz bisita performatiboa egingo dute, Tabakalera Plazan. Gainera, azaroaren 18an, 19:00etan, Memoria ariketak zine emanaldia eta hitzaldia izango da nucbeade-ren (Quiela Nuc eta Andrea Beade) eskutik, Zinea 1 aretoan.
Iaz ez bezala, aurten sarrera librea izango da edukiera bete arte. Soilik Kearen Artxibogileek egingo duten bisitarako eman beharko da izena, Tabakalera.eus webgunean. Era berean, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute hara joan ezin dutenek. Izen-emateari eta streamingari buruzko informazio guztia feministaldia.org eta tabakalera.eus webguneetan kontsulta daiteke.