Gaur abiatuko da Gasteizko ‘Kortxeak & krispetak’ zikloa

Musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloak bost urte bete ditu eta gaurtik ostiralera bitartean, hiru ikus-entzunezko eta kontzertu bat eskainiko ditu. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik antolatutako ekimenak dira.

Zikloa LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian izeneko dokumentalarekin abiatuko da gaur, 19:30etik aurrera. Film honek 80. hamarkadan euskal rock-ak izan zuen lehenetariko emakume ahotsaren bizitza izango du hizpide. Lou Olanguarena. Izotz Barrio zuzendariak aurkeztuko du dokumentala eta filmaren ondoren solasaldia eskainiko du Ortuño Aretoan.

Zikloak Falerina tabernaren terrazan jarraituko du hilaren 3an. Bertan Sri Lankako Matangi Maya M.I.A musikariaren bizitza jasotzen duen izen bereko lana proiektatuko da 22:00etan.

Ostegunean, ordu berean, ORION: The man who would be the king filma ikusteko aukera egongo da, Elvis Presleyren imitatzailearen ingurukoa, hain zuzen ere.

Eskean Kristo talde bizkaitarrak emango dio amaiera zikloari ostiralean. Beste belaze batzuen gogoan izeneko euren hirugarren lana aurkeztuko dute Falerina lorategiko oholtzan 21:30ean.

Filmazpit-ekin elkarlanean, hiru ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin. Sarrera irekia da lekuak bete arte.

Zabaldu: