Inprolabel konpainiaren 'Inprofestakzioa'

Gaur abiatuko da ‘IrriZiklo’, Iruñeko euskarazko umore zikloa

Inprolabel konpainiaren Inprofestakzioa antzezlanak emango dio hasiera zikloari, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Gaurtik, otsailak 25, martxoaren 18ra bitartean, IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara lau emanaldi biltzen ditu egitarauak. Denak arratsaldeko 19:00etan izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan.

Inprolabel konpainiaren Inprofestakzioa lanak irekiko du zikloa gaur. Umorea da nagusi obra honetan eta Xabier Flamarike, Garazi San Martin, Jaione Urtasun, Xabier Artieda eta Lorena Arangoa antzezleen inprobisazioa du ardatz.

Inprolabel taldeko antzezleek ibilbide luzea egina dute, besteak beste, antzerkian, komedia, clownean eta musikan, eta oraingoan inprobisazioa landu dute bete-betean, diziplina horiek batzeko (edo deseraikitzeko) xedez. Zikloaren antolatzaileen esanetan, “ikuskizun paregabeak egiten dituzte; izan ere, antzezlanak ez dira aurretiaz idatzitako testu batean oinarritzen, ikusleekin zuzenean sortutako elkarreraginean baizik, eta horri esker, saio bakoitza desberdina da”.

Taldeko kideak aspaldi dira ezagunak, guztiak nafarrak, eta Nafarroako Antzerki Eskolan jaso dute prestakuntza. Haien jardunbidean hainbat proiektu eta alditan partekatu dute agertokia: Lorena Arangoa eta Xabier Artiedak Aranburugoitiarrak herri kirolei buruzko umorezko ikuskizunean parte hartu zuten elkarrekin; Xabier Flamarique eta Jaione Urtasun La Piel antzerki-konpainiaren sortzaileak dira, eta Garazi San Martin eta Jaione Urtasun haurrei zuzendutako Ene kantak konpainian aritu izan dira elkarrekin.

La katastrofen taldearen Beste bat ikuskizuna

Zikloak jarraipena izango du martxoaren 4an, La katastrofen taldearen Beste bat umore absurdo eta filosofikoko ikuskizunarekin, Leire Olara eta Aratxo Angulo aktoreen eskutik.

Martxoaren 11n, Tartean teatroaren Txizatoki bat eszenatokian eta Hamalau bakarrizketak obraren txanda izango da, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen eskutik.

Martxoaren 18an, azkenik, Magma Mia konpainiak Jo! lana taularatuko du, Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen eskutik.

Sarrerak salgai daude txarteldegian (San Agustin k. 3) eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean. Zikloaren lau proposamenetarako bonu bat ere eskuragarri dago, 16 euroren truke. 19:00etan taularatuko dira antzezlanak, asteazkenetan, eta ordu bateko iraupena dute, gutxi gorabehera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna