Azaroaren 24ra bitartean, lau antzezlan taularatuko dira Nafarroako Antzerki Eskolan: Amua, Kopaz kopa, Esnatu naiz, eta Maitasunaren itxiera.
Antzerki Aroaren beste edizio bati emango diote hasiera gaur, Iruñean. Orotara lau antzezlan taularatuko dira azaroaren 24ra bitartean eta bikote-harreman mota ezberdinak, harreman pertsonalak, nortasuna eta pertsona batzuk adin jakin batera iristean pairatzen duten krisia izango dute hizpide.
Zikloari gaur emango diote hasiera Axut! kolektiboaren Amua antzezlanarekin. Protagonistak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatuko ditu asteburua pasatzera, horietako bakar batek ere hiru izango direla jakin gabe. Egoerak eta esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza, besteak beste, alde batera uzteak, asteburu bakar batez bada ere, barne eztabaida handiak eragingo ditu.
Zikloak urriaren 20an izango du jarraipena Ados Teatroaren Kopaz kopa antzezlanarekin. Honetan, haurtzaroko bi lagunek beren bizitzako laugarren hamarkadari aurre egin beharko diote, gaztaroa alde batera utzita. Bata lur jota dagoen dibortziatua da, idazle frsutratua eta ardozalea, ezkor petoa da. Bigarrena, berriz, ezkontzeko zorian dagoen aktorea. Pertsonaiak biziarazteko agertokira igoko dira Ainhoa Aierbe, Asier Sota, Ainara Ortega eta Iñigo Aranbarri. Garbi Losada aritu da zuzendari lanetan.
Azaroaren 10ean, asteazkena, Andoni Mutiloaren txanda izango da Esnatu naiz obrarekin. Lanak baserri batean jaio eta Londreseko klub batean show propioa duen gazte baten istorioa kontatzen du. Antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituen obra honetan, protagonistak bere oroitzapenak gogoraraziko ditu nortasunari, giza harremanei eta sexualitateari buruz hitz egiten duen bitartean. Halaber, planteatzen du nortasuna eta bizimodua bat ote datozen pertsona guztietan, eta mezu bat helarazten du LGBTI+ komunitatearen eskubideen alde. Emanaldi hau Udalaren Harrotu zentroarekin elkarlanean antolatu da.
Amaitzeko, Pascal Rambert antzerkigile frantsesaren Clôture de l’amour obraren euskarazko egokitzapena taularatuko da azaroaren 24an. Maitasunaren itxiera obrak bikote baten elkarrizketa latza kontatzen du, hiltzen ari den maitasunaren indarkeria erakutsiko duen bakarrizketen elkartrukea. Beldurra eta askapena uztartuko dira urteetan zehar izandako harremana amaitzeko orduan; Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy dira protagonista. Bilboko Arriaga Antzokiaren ekoizpena da.
Emanaldi guztiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean edo txarteldegian eros daitezke, 8 euroan. Edukiera eta osasun-segurtasun neurriak unean uneko araudiarekin bat ezarriko dira.