Dantza garaikidearen jaialdia hainbat lekutan ospatuko da urriaren 20, 27, 28 eta 29an.
Baratza aretoak antolatuta, urria dantzarekin amaituko dute Gasteizen, Tzan Tzan Fest jaialdiaren zazpigarren edizioarekin. Oraingo honetan jaialdia lau egunez luzatuko da, hainbat egoitzatan, Barrundian, Probintzia Plazan eta Baratza aretoan. Dantza-piezez gain, tailerrak, hitzaldiak eta abar ere izango dira.
Jaialdia ostiralean, urriak 20, hasiko da Barrundiako Eskola Txikian tailer batekin, 10 mujeres que pusieron a bailar al mundo liburuan oinarrituta. Eta Barrundiako kiroldegian jarraituko du, 20:00etan, programa bikoitz batekin: LaRutan konpainiak Out of blue lana aurkeztuko du. “Lan fresko eta dibertigarria da, libreki dantzatzearen, mugitzearen, deskonektatzearen, errutinarekin apurtzearen eta dagoeneko ezarrita dagoenarekin gozatzearen beharretik sortzen dena”, azaldu dute antolatzaileek. Glovo Kolektiboak, bere aldetik, Alleo aurkeztuko du, “talaiaren ideian oinarritua, dorrearen posizio “pribilegiatuaren” baldintzapean eta zaintzan nork betetzen zuen zeregina oinarri hartuta”.
Urriaren 27an jarraituko du jaialdiak Gasteizko Probintzia plazan, 18:00etan. LaSalak Alive pieza eskainiko du, “mugak gainditzeaz, ezarritakoa hausteaz, oinordetzan jasotakoaren eta ikasitakoaren pisua duen emakume batek aukeratzeko duen askatasunaz, bakoitzak aukeratzen duen bizitza bizitzeaz, edozein dela ere”. Eta Daniel Hernandez, Córdoba Drone dantza hipnotikoa, kontenplatiboa, misteriotsua, harrapatu eta erronka jotzen duena. Gauzak gertatu arte itxarotera gonbidatzen zaituena, presarik gabe, bidaia batez gozatzera eta, behin hara iritsita, hautsa bezala desagertzera.
Larunbatean, urriak 28, hitzordua bikoitza izango da: goizean, Danza y salud izeneko mahai-ingurua izango da Alvaro Murillo eta Irma Mierrekin. Sarrera librea izango da, baina beharrezkoa da reservas@salabaratza.com helbidean izena ematea. Arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Angelak eta Koldok Un cuerpo sin vergüenza eskainiko dute, nerabezaroari buruzko lana. Bertan, antzergileek beren energia guztia eskainiko dute agertokian, pertsonaiatik hasi eta beren bizipen pertsonaletaraino, errealitatea eta fikzioa bereizten dituen ildoarekin jolastuz.
Azkenik, igandean, urriak 29, 11:30etik 13:00etara, Arte y vulnerabilidad hitzaldia antolatuko da. Bertan, Xochitl de Leenek (ADONAR) gidatuta, pertzepzioari eta aniztasunarekin dugun harremanari buruzko hausnarketa egingo dute bertaratzen direnek. Hitzaldiaren ondoren, Fronterizas Mari Paula piezaren laburpen ikusezina egongo da. Jaialdiaren bukaera 20:00etan izango da, Altraste dantza taldearen El grito del elefante lanarekin, Katie Duckekin elkarlanean. Denbora errealeko konposizio pieza bat da, non artista gonbidatu ezberdinek parte hartuko duten bere sorkuntzan. Obrak alarma-egoeran jartzen du arreta, oraingo unearen presentzian eta eszenan eta haren inguruan gertatzen den guztiarekin duen loturan.
Sarrerak
Tzan Tzan Festen ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude jada https://salabaratza.com webgunean. Ikuskizunen aldez aurreko sarrerak 10 euroko prezioa du (12 euro leihatilan). Igande goizeko ekitaldia,berriz, 5 euro. Emanaldi guztietarako bonua ere jarri dute salgai 22 euroren truke.