Saioak Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko Areto Nagusian egingo dira.
Gaur abiatuko da Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloaren bosgarren denboraldia El cine como oficio híbrido hitzorduarekin. Protagonistak Ion de Sosa zinemagile eta argazki-zuzendaria eta Christina Rosenvinge konpositore, abeslari eta antzezlea izango dira. Biak Balearic filmean aritu dira elkarlanean.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, “zinemagileen begirada bakarra deszentralizatzea eta proiektu baten garapenean diharduten lanbideak ezagutaraztea da Donostiako zikloa honen helburua: gidoigileak, aktoreen zuzendariak, muntatzaileak, arte-arduradunak eta ekoizleak. Horregatik, zinemagileen eta horiekin hainbat diziplinatan lankidetzan aritu ohi diren profesionalen arteko biko elkarrizketak ere planteatu ziren”.
Hitzaldia Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko Areto Nagusian egingo da, 19:00etan hasita, eta gaztelaniaz izango den arren, euskarazko itzulpena izango du.
Denboraldiaren programa
Zikloak urtarrilaren 27an jarraituko du Asier Urbieta eta Koldo Almandozen eskutik. Zuzendari bi hauek Generozko fikzioak izeneko saioan parte hartuko dute.
Otsailaren 16an, berriz, Jose Luis Guerinek eta Isaki Lacuestak Ez-fikzioaren formak izango dituzte hizpide.
Zikloak martxoaren 5ean izango du jarraipena: Alauda Ruiz de Azuak eta Blanca Soroak Zinema eta interpretazioa izango dute aztergai.
Martxoaren 16an, Carla Simonen Romería filmaren txanda izango da, Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen lana, nazioarteko koprodukzioaren adibide bat da, eta gai horri buruzko ekarpena egingo dute Siminek berak eta Maria Zamora eta Olimpia Pont Cháfer ekoizleek. Saio hau 18:00etan hasiko da; zikloko gainerako elkarrizketak, berriz, 19:00etan.
Apirilaren 14an, Jaume Clareten Estrany Riu / Strange River lehen film luzeari buruz arituko dira zinemagilea bera eta Maria Castan eta Meritxell Colell muntatzaileak.
Azkenik, maiatzaren 5ean, Manuel Gutierrez Aragon eta Luis Lopez Carrasco zinemagile eta idazleek zinemaren eta literaturaren arteko lotura izango dute gogoetagai.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Donostiako Zinemaldiaren webguneetan egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran”.