Gaur hasiko da euskarazko programazioaren denboraldi berria Iruñean

Gaur abiatuko da Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako euskarazko programazioaren denboraldi berria, Katixa Agirre eta Maite Larbururen Kax-kax-kax! literatura- eta musika-emanaldiarekin. Kondestablearen jauregian izango da, 19:30etik aurrera.

Ikuskizunak bizitza ireki eta ixten diren ateak direla gogorarazi nahi du Kax-kax-kax! onomatopeiaren bidez, ate horietatik sartu ala ez. Obrak idazlea eta musikaria ditu protagonista.

Azaroaren 18an jarraituko du zikloak leku eta ordu berean, Oraindik, orain eta oraingoz poesia- eta musika-saioarekin, Jon Basaguren musikariaren eta Iñigo Astiz kazetariaren eskutik. Bien azken disko eta liburuetako abesti eta poemak eskaintzeaz gain, sormenari eta oraina harrapatzeko moduei buruzko hainbat hausnarketa tartekatuko dituzte.

Zikloari amaiera emateko, abenduaren 16an, Iosune de Goñi poeta eta Leire Alonso musikaria igoko dira agertokira poesia eta zango-biola uztartuko dituen emanaldia aurkezteko. Bi sortzaile, bi garai eta bi hizkuntzen arteko elkarrizketa proposatuko dute Alonsok eta Goñik: Tobias Humen XVII. mendeko musika ingelesa eta Iosune de Goñiren gaur egungo euskal poesia.

Jardueretarako sarrerak libreak izango dira, aurreikusitako leku guztiak bete arte.

Zabaldu: