(argazkia: GFA)

Gaur irekiko ditu ateak ‘Emakume arkeologoak Gipuzkoan’ erakusketak Irunen

Erakusketak Gipuzkoako ikerketa arkeologikoetan emakumeek izan duten eta duten garrantzia azpimarratu nahi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Emakume arkeologoak Gipuzkoan izeneko erakusketa aurkeztu dute. Erakusketa Irungo Oiasso Museoan paratu dute, eta gaur, urriak 10, arratsaldeko 19:00etan irekiko ditu ateak 2024ko martxoaren 31ra arte. Erakusketari laguntzeko, askotarikoa eta ibiltaria izango den jardueren programa bat ere antolatu dute.

Erakusketak Gipuzkoako ikerketa arkeologikoetan emakumeek duten garrantzia azpimarratu nahi du, eta azalpen-paneletan kontatzen du nola izan den arkeologiaren sektore estrategikoetan sartzeko prozesua, erabat integratzekoa eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari jarri dituzte ikusgai.

Ibilbidea 1903. urtean abiatzen da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira. Pixkakana, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan, Maria Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, izen handiko bi emakume arkeologok, ia ezezagunak beren herrialdean eta biak donostiarrak, berresten duten bezala: Ana Maria Muñoz, Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Echaide, Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietan F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa-arduraduna.

80ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak hartzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izaten ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.

Goizane Alvarez Kulturako diputatuak azaldu duenez, “Gipuzkoako emakume arkeologoak izan ziren Estatu espainiarrean arkeologia profesionala garatzen lagundu zutenak, besteak beste. Hala ere, emakume arkeologo horien lana ez da oso ezaguna, nahiz eta balio handikoa izan”.

Era berean, Alvarezek esan du, “historikoki emakumeek zientziaren munduari egindako ekarpenak garrantzi handikoak izan diren arren; tamalez, lan hori ez dela beti behar bezala aitortu. Beraz, emakume matematikari, biologo eta baita arkeologo handiak “ikusezin” bihurtu dira. Erakusketa hau aukera paregabea da emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zereginari balioa emateko; baina, era berean, justizia-ekintza bat ere bada”.

Gainera, gizonek eta emakumeek egindako arkeologiaren artean aldeak daudela uste du diputatuak. “Bada genero-ikuspegi bat ikerketa arkeologikoak gizonen ikuspegitik bideratu dituena, “osatugabeak” direla frogatu diren iraganeko ikuspegiak gailenduz. Egia esan, orain badakigu emakumeek Historiaurrean ehizatzen zutela, kobazuloak irudikapen bikainekin apaintzen zituztela, dinastien buru zirela, buruzagitzak zituztela…”. Gainera, emakumeak ikertzaile gisa sartzeak ikerketak bideratzeko beste modu bat dakar, orain arte ezezagunak ziren lan eremuak azaleratuz eta, “nola ez, emakumeei eta gizonei buruzko estereotipoak desmuntatuz, eta, horrela, iraganeko ideiekin amaituz”.

Lourdes Herrasti arkeologo eta Aranzadiko lehendakariordeak azaldu duenez, “Aranzadi funtsezkoa izan da Gipuzkoako arkeologia ulertzeko. Pertsona askok arkeologian lehen urratsak eman dituzte gure emakume arkeologoen talentu zientifikoaren eragile izan den Zientzia Elkarte honen bitartez”.

Azkenik, Oiasso Museoko koordinatzaile eta erakusketaren komisario Aizpea Goenagak azpimarratu duenez, “erakusketa honen bidez, Gipuzkoako emakume arkeologoen lanari balioa eman nahi izan diogu, eta aurkitu eta ikertu dituzten altxor arkeologiko horietako batzuk argitara eman”.

Zabaldu: