(argazkia: Itziar Barrio)

Gaurtik aurrera, Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak Shanghaiko Bienalean izango dira ikusgai

Oteizaren bost artelan eta Barrioren bideo-instalazio bat hartuko ditu biurtekoak.

2024ko martxoaren 31ra arte, Jorge Oteiza eta Itziar Barrio euskal artisten hainbat lan izango dira Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan, Zabal programaren esparruan egindako lanaren ondorioz. Izan ere, joan den uztailean Anton Vidokle biurtekoaren komisarioak euskal museoak, artisten estudioak eta beste hainbat espazio bisitatu zituen euskal testuinguru artistikoan murgiltzeko, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta. Hala, Euskal sorkuntzaren nazioarteko zabalkundea helburu duen Zabal ekimenari esker, euskal artisten obren presentzia egongo da Shanghain.

Zehazki, gaur abiatuko den bienalak Jorge Oteizaren (1908-2003) bost lan erakutsiko ditu, bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aukeraketa hiru eskulturek eta bi collagek osatzen dute, eta  Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museotik heldu dira Shanghaira.

Bestalde, New Yorken bizi den Itziar Barrio euskal artistak, A Demon that Slips into Your Telcopes while You ‘re Dead Tired and Blocks the Light (2020) bideo-instalazioa erakutsiko du Shanghaiko Bienalean, datozen hilabeteetan. Bideo-instalazio honek elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen ditu, irudi astronomikoaren eta ezagutza zientifikoaren giza eraikuntza azaltzeko xedez.

Shanghaiko Bienalaren edizio honek, Cosmos Cinema izenburupean, unibertsoaren funtzionamenduari eta bertan dugun lekuari buruz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei. Cosmos Cinema erakusketak mundu osoko 80 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu, XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoak. Biurtekoa Txinako arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa da eta Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetarikoa.

Zabaldu: